Duela ia 30 urte ere, 90eko hamarkadaren erdi aldera, eskuzko pilota emankizunek berebiziko garrantzia zuten ETBrentzat, orduan ere audientziarik handieneko saioak ziren. Bat-batean, orduko enpresa bakarrarekin adostasunik lortu ezin-eta, profesionalen partidak emateko aukerarik gabe geratu zen katea. Orduko zuzendari-tzak, erakundearenak zein kirol sailekoak, ez zuen zalantzarik izan: “Audientzia askoz apalagoak izango ditugu, baina guretzat funtsezkoa izaten jarraitzen du pilotak.” Eta hala, afizionatu mailako partidak ematen hasi ginen astez aste. Baita zesta puntakoak ere.

Ondo gogoan ditut Fermin Aramendi lankide eta adiskidearekin Gernikako Jai Alai pilotalekutik emandako partida ugariak. Bolibarko Txikito, Katxin Uriarte, Remen, Gontzalo Beaskoetea, Rikardo Alberdi, Felix, Elizegi, Aranburu, Retolaza... Izar handiak ziren, baina zestaren gainbehera hasia zen ordurako eta harmailetara begiratzeak tristura ematen zuen gehienetan.

Xisteraren gainbeherak Estatu Batuetako pilotalekuak ere itxi egin ditu. Zirt edo zart egiteko garaia zen, huts ala kausi. Eraman Jai Alai enpresaren eskutik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin eta ETBren engaiamenduaz, neguko lehiaketa luze eta garrantzitsu baten aldeko apustua egin zen 2021eko udazkenean. Aurten Eusko Label gehitu zaie.

Lozorroan baina bizirik zegoen zaletasuna ernaraztea lortu zuten denen artean, eta zaleek ere ikusi zuten zuten huraxe zela erantzuteko garaia. Nola gainera!

Gaurko finalarekin amaituko da Winter Series lehiaketaren 2. edizioa, aurrekoa baino luzeagoa eta are arrakastatsuagoa. Aurten, gainera, emakumezkoen 1. edizioarekin izango du segida Durangon. Lau hilabeteotako asteroko ibilia gozamen hutsa izan da. Astelehenero festa. Zaleek, sutsu bezain begirune-tsu, harmailak bete egin dituzte. Xistera bizirik dago, eta –harrokeriarik gabe– susperraldi honen parte sentitzea zirraragarria da.