Egun batzuk bost egunen balioa dute. Badira 24 ordutan hainbesteko intentsitatea gordetzen duten egunak, hainbeste emozio sortzen dizkigutenak, ia hilabete baten pisua hartzen dute gure barnean. Izan ere, hilabete batzuk egun bakar bat bezala igarotzen diren bitartean (martxoan gaude jada?), arratsalde bakar bat bihurtu daiteke gure haurtzaroko uda amaigabe horietako bat bezain luzea, egun horretan zerbait garrantzitsua, zirraragarria edo dibertigarria gertatu zaigulako.

Nire familiako norbait hil da, goizegi, aste honetan. Eta pentsatzen nago nola kontsolatu daitezkeen hemen utzi dituenak: zer esan emaztearekin oraindik gauza asko bizitzeko geratzen zitzaion senarrari? zer esan ama goizegi galdu duen alabari? zer esan alaba galdu duenari? Mina pixka bat arindu dezakeen gauza bakarra bururatzen zait. Pentsatzea joan denak, goizegi egin badu ere, bost egunen balioa izan duten egun asko bizi izan dituela. Gehien maite zituen pertsonekin igarotako orduak bere oroimenean hilabeteak direla, edo urteak. Eta, beraz, ordu eta egun luzeago horiek bizi izan dituela; ingurukoen maitasunak eta konpainiak emandako ordu estrak hartu dituela eta berarekin eraman.

Oraindik bizirik gaudenok pentsatu beharko genuke ere nola egin dezakegun, bizi garen urteetan, asko edo gutxi izan, bosten balioa duten egun horietako asko bizitzeko. Agian, nahikoa izango da ondo sentiarazten gaituztenengana hurbiltzea; edo maite ditugun pertsonei merezi duten denbora eskaintzea; edo gure pasioa zein den deskubritzen saiatzea eta haren atzetik joatea; edo ia denari barre egitea, batez ere garrantzitsuenak diren gauzei; edota egun batean hil egingo garela gogoratzea. Izan ere, azken hau kontuan hartzea pizgarri ona da geratzen zaizkigun egunei bosten balioa emateko. Gaurko eguna itzuliko ez dela jakitea akuilu ona da egun berezi bihurtzen saiatzeko, zentzuren bat eman eta gure buruan txikle bat bezala luzatzeko.