Jende guztiari entzuten diozu gauza bera: estresaturik dabilela. Gure garaiko patologia hedatuena omen da estresa. Baina, alde batetik bestera astirik hartu barik ote da estresa? Egunero mobilarekin, jo eta su, tontakeriak begiratzen, beste edozer produktiboago egiteko gogorik gabe ibiltzea ote da estresa? Isolamendu pertsonalean murgilduta egotea ote da estresa? Edo suminkortasuna, konzentrazio falta, kolesterola, bihotzekoak, inflamazioak, gaixoberago izatea, edota bestelako afekzioek osatzen dituzte estresaren sintoma klinikoak?
Arazo ez da nolanahikoa muturrera eramaten bada eta gaixoaldiaren zurrunbilo horretan harrapaturik lotzen bazara. Datuak ikaragarriak dira: badirudi egunero 11 lagunek bere buruaz beste egiten dutela, eta 200 baino gehiago saiatzen direla ekintza beldurgarri horretan. Oraindik hurbiletik begiratzen diogun pandemiak biztanleriaren ongizate emozionalean sekulako eragina izan du, eta inkesta batek dio ia populuaren erdiak lo egiteko arazo serioak dituztela gaur egun, eta beste erdiak egunari ekiteko nekea edota energia falta sentitzen duela.
Baina bizi ari garen aro sozio-ekonomiko beldurgarriak ere eraginik ote du? Zalantzatik gabe, bai. Sistema kapitalista batean bizi gara, eta eskubideen aldeko borroka ahuldurik dago.
Inguruan dugun giroak ere itotzen gaitu, eta gure burua estualdi horretan sentitzen dugunean psikologo edota psikiatra batengan jotzen dugu. Gaur egun, ia dena arazo psikiatriko bihur daiteke, berdin lan-gatazka bat izan, edota maila baxuko etxe kalamastra batean bizi. Badirudi gure bizitza pertsonala kudeatzeko ezintasun anormala dugula, eta gero eta gehiago jotzen dugula indibidualizazio-prozesuetara, non bakarrik eta abandonaturik sentitzen garen. Arazo sozial horri irtenbide mediko bat eman nahi diogu eta horrexegatik jotzen dugu kontsultara.
Aditu askoren ustez, gizartearen nondik-norako desorekatuak funtsezkoak dira. Jende guztiak etxebizitza eta lan duin bat izango balu, eta oinarrizko beharrak aseturik balitu askoz ere antsietate gutxiago izango genuke gure inguruan.
Bizimodu eskasa ote dugu?