Badator Kristo, Ebangelisten pizkundea, Azken Egunetako Santuak, Mendekosteko gudariak, aleluia, amen. Horiek dira erlijio xurgatzaileen izen berriak, handik eta hemendik, txanpiñoiak bezala loratzen ari direnak. Erlijioak men egin dio beti politikari, eta askotan eskumaren babespean ibili da ibili dena. Frankismoak bere garaian sistematikoki urratu zituen giza eskubideak, eta diktadura horrek errepresioa eta jazarpen politikoa zabaldu zituen Euskal Herrian. Urte haietan, elizaren hierarkia bat etorri zen diktadura frankistarekin.

Bada gaur egun, eskuma politikoa ere erlijioaz eta bere akolitoek duten fede itsuaz baliatzen da botoak metatzeko orduan. Duela gutxi Madrilen (nola ez!) gertatu da.

Talde fededuna biltzen da igandero Jainkoaren presentzia aldarrikatzeko eta aleluia eta aleluia esateko, goikoarekin lehen eskuko lotura eta estasia proklamatzen dituen artzain bat eszenatokian show ikusgarrian aritzen den bitartean. Bertan ere gizakiaren perbertsioaz, deprabazioaz eta politikaz hitz egiten da, eta beti ere ultra eskuinarekin loturik.

Hor egosten den giroa ezin hobea da PP bezalako alderdiek bertan muturra sartzeko eta modu batean edo bestean, botoak irabazteko. Bolsonarok hala egin zuen Brasilen.

Deabruak, seguruenik, ezkerreko alderdiei ematen die botoa, eta horixe nahikoa da jakiteko zein aldetan dagoen jainko esku zabalekoa. Baina boto-emaile horien zaurgarritasun-maila altua da, eta trans legea, homosexualitatea, abortua edo genero-berdintasuna ez dira kabitzen euren balio moral erradikalen artean, eskuinean gertatzen den ez bezala, eta Madrilen, pertsona azkar bat horretaz ohartu da, eta Ayuso txaloka hasi da.

Edozerk balio du politikan botoak irabazteko, ekimen bera erabat lotsagarria, immorala, eta duina ez bada ere. Eta agian, hori laster ikusiko dugu hemen ere. Egunotako egunkarietan agertu baita Ayusok modu sinbolikoan itxiko duela Bilboko Udalerako PPren zerrenda, eta Miguel Angel Rodriguez Madrilgo presidentearen Kabineteko zuzendaria ere hautagai izango dela Durangoko udal zerrendan.

Jaungoikoa! Aleluia!