Agur t’erdi, irakurle. Igande batzuetan zehar, zutabe honetara ekarriko ditut udaberriaren amaieratik daborduko jazoriko gertaeren gaineko iruzkinak eta udan zehar suertatu eta gertatuko direnen gainekoak ere.

Maiatzaren azken astelehenean iragarri zuen Espainiako presidenteak hauteskunde orokorretarako deialdia. Eta zein egun jarriko eta uztailaren 23a, alajaina! Elizaren kontuak ahaztearen ondorioak! Zer jazoko zatekeen hauteskundeen deialdia egin balitz San Ferminen biharamunerako? Jakina, San Fermin ospetsua dugu Elizaren konturik ez dakitenentzat ere, baina hori ez da Magdalako Madalenaren kasua.

Madalenak ospatuko ditugu uztailaren 22an. Larunbata. Ez dakit zenbat herritan ospatzen diren Madalenak, baina Arrigorriagan, Bermeon, Elantxoben, Errenterian eta Mutrikun behintzat, hautesleek botoa patxadaz emango badute, botoa emateko ordutegia aldatu beharko da, eta, horrenbestez, 8:00etatik20:00etarako ordutegia 12:00etatik24:00etara aldatu. Badakizu, irakurle horrek, demokraziaren eta partaidetzaren mesedetan.

Betiere, hori ez da uda honetako xelebrekeria bakarra. Oraingoa heziketaren arlokoa da. Tourra hiru egunetan ibili da gure euskal herrietan. Hara non Bizkai-Gipuzkoetan burugaberen batzuek txintxeta batzuk erein dituzten Tourreko txirrindularien gurpilen hagunak husteko edota zulatzeko asmoz.

Gogo txarra izan behar du norberak hori egin ahal izateko. Zein izan da hori egiteko helburua? “Politikoa”? “Ingurumenekoa”? Norberaren gutxiagotasun-konplexua ezabatzeko eta besteen aurrean adoretsu agertzeko ahalegin alferra?

Zenbait gogoeta egin ahal izango lirateke gertakari horretaz. Hau baino ez dut hizpidera ekarriko: Euskal Herria Tourrarekin ez lotzeko asmoa izan badute, lan nekeza: zenbat ikurrindun ikusten dugu egunean-egunean Tourreko etapetan? Horiei ere txintxetak jarri behar dizkiete haien autoen gurpilen azpian? Ez da lan makala! Eta egundoko arriskukoa, autoen ugazabek horrelako ereileak harrapatuz gero!