Gure hizkuntza gutxitua ez da hain gutxitua izango Espainiako Kongresuan. Espainola nagusi den estamentu horretan, eta lege erreforma proposamen bati esker, euskara firin-faran ibiliko da diputatu askoren ahotsetan. Asteartean, Kongresuan euskaraz entzun diren lehenengo hitzak hauexek izan ziren: “Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu”.

Berdin gertatuko da katalanera eta galizierarekin, izan ere, autonomia erkidegoren batean ofizialtasuna aitortua duen edozein hizkuntza erabili ahal izango da hemendik aurrera.

Ekintza xume horrek deus gutxi aldatuko digu euskaldunoi gure euskal bizimodua, eta euskararen kontrako erasoak, gorrotoak eta destainak jasaten segituko dugu, baina era berean prestigioa nabariagoa izango da. Gutxitua izan dena baina hauspoturik datorrena, erdeinuz hartuko dute berriz ultraeskuineko sasi-politiko monotematikoek, eta seguruenik, artega batean izango dira espainola entzuten ez denean. Badirudi hiru letra dituen alderdi xenofobo ultraeskuindarreko morroiek itzulpenak entzuteko beharrezkoek diren entzungailuak entregatu zituztela lehen egunean. Ospa egin zuten beste hizkuntza batzuekiko interesa zero dela adierazteko. Aspaldiko anomalia demokratiko hori zuzentzeko eta pluraltasunari protagonismoa emateko erreformaren kontrako laidoak entzun ziren hasieratik, eta aberrazio edota astakeria hitzak ere azaldu ziren.

Berdin da, memelokeria asko ikusiko ditugun arren, hemendik aurrera diputatuek arazorik gabe erabili ahalko dituzte euskara, katalana edota galiziera, beste batzuk odolusten diren bitartean.

Halarik ere, berrikuntza horrek muga batzuk izango ditu, eta seguruenik, kontu garrantzizkoak gaztelaniaz egingo dira, eta euskara zokoraturik izango da berriz.

Izan ere, euskararen munduari mugak jarri nahi dizkiote toki guztietan, eta hala geratzen da demostraturik behin eta berriz Nafarroan. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuaren erabakiz, euskararen eskaintza gero eta txikiagoa da Nafarroako hizkuntza eskoletan.

Beti gailentzen dira argudio, hautu eta oztopo politikoak hizkuntza bultzatzeko unean.