Iruñea bateratua sortu zenez geroztik, karrika Nagusi bakarra dugu hirian, San Zernin edo Jaun Done Saturdi burgukoa, alegia. Ordura arte, gutxienez bertze bi dinda Nagusi ere izan ziren: bata, Nabarreriakoa egungo Merkatarien kalean eta, bertzea, San Nikolaskoa, gaur egungo Zapateria, hain zuzen. Eta judutegiak berak ere ba omen zuen bere kale Nagusia. Bada, aspaldixkoan aldaketa aireak dabiltza karrika Nagusian, mendearen hasieran giroa gainbehera etorri ondoren. Izan ere, denda txikiek nekez eutsi diote denboraren joanari Eslabatik San Lorentzora bitarteko tartean; hobekixeago, aldiz, Eslabatik udaletxe aldera. Azken tarte horretan, gainera, bizitasun handiagoa dago Kondestablearen jauregia txukun zaharberritu zenetik. Halaber, mesedegarria izan zaio Plazara zentroa Redin eta Kruzat jauregian zabaldu izana. Hori bai, hiru urte joan dira Ataun itxi eta hiriko erregalizik ospetsuena egiteari utzi zitzaionetik. Oraingoz, beraz, ez dago nork egina erregaliz errezeta misteriotsu hori. Ataun etxeko izkinatik Takonera aldera, etxabe franko daude itxita, baina pixkanaka zabaltzen ari dira, bizitzaren suspergarri. Aitzindaria Katakrak izan zen. 2021ean, Antartika Kultur Container izeneko kultur gunea iritsi zen, eta joan berri zaigun irailak Txalaparta argitaletxearen egoitza berri eta apaina ekarri digu Ezpeleta jauregi ederraren ondo-ondoan. Argi dago kultur arloko erakunde aunitzek eta bertzelakoek begiz joa dutela karrika Nagusia. Izan ere, Txalapartarena ez da azken irekiera izanen. Hego haizeak kulunkaturik abiatu berri zaigun urriak argituko omen digu munta handiko egitasmoa datorrela karrika Nagusira, bolo-bolo dabiltzan kultur hotsen arabera. Onbidean, gainera, euskarak bozgorailu berritua izanen du, uhinen eta bertzelakoen bidez karrika Nagusitik inguru hurbilera eta mundura zabaltzeko.