Toki lasaia da Artzapezpiku plaza. Mugakide ditu adineko apezen egoitza, artzapezpikuaren jauregia, Jito Alai eta Labrit pilotalekuak, bai eta izen bereko bastioia ere, errege Joan Labritekoa hango ate batetik ihesi joan baitzen Fernandoren armada iritsi baino lehen. Bastioiari Birugarte deitu zion Latxagak “Naparroa euskal arrobia” liburuan, 1972an. Bastioi gaineko termometroak Iruñeko tenperatura ofiziala ematen du, meteorologia-estazioa Larrabidetik hara aldatu zutenetik. Erdigunean belardi zabala, txakurren paradisua. Harresi ondoko belardi txikiagoan, harri puska landu ederra, duela zazpi bat urte Udaleko Berdintasun Alorrak paratua. Super Ser eraikin zaharreko arkeologia-biltegian dagoen hilarriaren erreplika da, Iturralde y Suitek 1895ean Nabarrerian aurkitua. Dena den, ziur aski, hasieran, erromatarren garaiko hiriaren hegoaldean kokaturiko nekropolian egonen zen, egungo Telleria karrika aldean, hain zuzen. K.o. 150 inguruan landua, hilarria Festa eta Rustica ahizpek eginarazi zuten beren ahaide Stratia eta Antonia zenduen omenez. Hilarriaren goialdean, ikurrak, izarrak eta ilargi erdi bat. San Zerningo burguaren armarrian ageri dira izarra eta ilargi erdia, baita Atarrabiako armarrian ere. Bada, hilarritik bertatik abiaturik, ibilaldi gidatu arras jakingarriak egiten ditu Ana Diez de Ure historialariak, dela hiriaren historian idatziz jasoak dauden lehen emakume horien berri emateko, dela hamaika emakume iruindar gehiagoren izena eta izana azaltzeko: Antsa Remiritz apezpikua, Julia Alvarez errepublikarra, Julia F. Zabaleta euskaltzalea… Lehenago, gainera, kartel bat paratua zegoen hilarriaren ondoan, xehetasun guztiak jakinarazteko. Egun, ordea, ez. Ongi legoke Berdintasun zinegotziak kartela berriz jartzea, baina egungoak karguan jarraitu bitartean, nekez ikusiko dugu gisakorik.