Zuk era batera ikusten duzu mundua, baina zure albokoak beste batera. Hor dago lehen zailtasuna, lehen harria bidean. Askotan esaten dugu bizitza sinplea dela eta guk konplikatzen dugula, baina askotan pentsatu dut ez dela egia, bizitza konplikatua dela, batez ere, berton bizi garen gutariko bakoitzak amets eta nahi ezberdinak dituelako, intentzio eta interes ezberdinak, mundua ikusteko modu diferentea. Eta mundua bakarra delako, guztiona. Hori ez badugu kontuan izaten egunero ematen dugun pauso bakoitzean, ez badugu barneratzen hori, gure frustrazioa etengabekoa izango da, ez du mugarik ez etenik izango. Eta frustrazioarekin batera, haserrea eta gatazka izango dira beti nagusi.

Ezagutzen dut lagun bat mundua berak nahiko lukeena bezala ez izateagatik izugarri sufritzen duena. Ez da harritzekoa, munduaren egoera ikusita. Honen aurrean zer egin? Beste batzuen jarrerak desegokiak iruditzen zaizkizunean zer egin? Bi aukera nagusi daude: aurrez aurre euren kontra joan talka egin arte; edo lehenik eta behin euren jarrera hori ulertzen saiatu eta hala ere ulergaitza egiten bazaizu, zure jarrerarekin eta akzioekin erakutsi zer egingo zenukeen zuk bere posizioan egonez gero. Ekintzekin konbentzitzen saiatu beste aldea, onartuz beti ere ezberdin pentsatzeko eskubidea duela. Bere arrazoiak entzun, nahiz eta zure gustukoak ez izan.

Askok pentsatuko dute bigarren aukera bigunegia dela, zure iritzien kontrakoa denari kontra egin behar zaiola gogor eta gupidarik gabe. Baina zalantzan jarriko nuke nik gogortasunaren eraginkortasuna askotan. Kristalezko edo plastikozko edalontzi bat, zein da gogorragoa? Lehen bistan dudarik gabe kristalezkoa. Plastikoa indarrez estutuz gero zimurtu egiten da eta beirazkoa ez. Baina bota bi edalontziak lurrera. Gogorra zena hamaika zatitan apurtuko da; biguna, aldiz, osorik mantenduko da. Biziraungo du. Malgutasuna, egoera ezberdinetara moldatzeko eta bestea entzuteko ahalmena… Zein beharrezko ezaugarriak (eta zein urriak) mundua zelai beteko borroka bat izateari utzi eta elkarbizitzarako gune bilakatzeko.