Nago sarri nahasten zaizkigula bizitzaren interesgarritasunak baina derrigorrezkoak ez zaizkigunekin. Interesgarria zaigu, zenbat eta gehiago, hizkuntzak jakitea, ulertzea, hitz egitea. Interesgarria, nola ez ba, musika instrumentuak ongi jotzea eta dastatzea, geure etxeko geletatik paisai politak eta lasaigarriak begi-bistan izatea hala nola parke, lorategi, mendi, itsaso, ibai eta abar. Nola ez ba bizileku, etxebizitza, telebisio eta kotxe ona izatea garaje barne, motorra eta bizikleta zergatik ez, opor erakargarrietan ibili izatea, hilabeteko azken egun arte iristea posible egiten duen soldata oso duina (eta aurreztu ahal izatea), lan onarekin lagun multzo jatorra ezagutzea, irakurzaletasuna lantzea hondartzan edo mendietako txokoko itzaletan. Guztiz interesgarria sukalde lanetan iaioa eta gastronomietan aditua.

Bide batez auzo-lagun adeitsuez inguratua bizitzea. Interesantea, noski etxeko igogailua zaharra ez izatea eta inspekzioak kotxekoak lez gainditzea. Interesgarria etxe inguruan (ez behean) taberna, terraza, denda, supermerkatu, prentsa-kiosko, autobus geltoki erosoa. Interesgarriak diren, eta izan daitezkeen, alor eta esparru asko ditugu, ala ez, geure bizitzetan. Interesgarriak bai, derrigorrezkoak? Interesgarriak izan daitezkeen horiek gabe bizi gaitezke ondo/gaizki. Baina ez derrigorrezkorik gabe. Nago askotan bata bestearekin nahasten zaizkigula, ditugula. Zintzotasuna, leialtasuna, maitasuna, harrotasuna (ez harrokeria), askatasuna, osasuna, barne edertasuna (kanpokoa balego hobe) kementasuna, bihotz/esku zabaltasuna, liberaltasuna, tente eta zutikortasuna, zentzutasuna, malgutasuna, lasaitasuna eta hainbat “tasuna” atzizki gisa duten hainbat kontzeptu, bertute eta ezaugarri hauek bai, hauek derrigorrezkoak zaizkigu. “Tasuna” dugu heldu beharreko helburu beharrekoa. “Tasun” tasagarriak derrigorrezkoak. Gozotasuna lekuko. Horra nire bizitzako/bizitzaren “tasun” derrigorrezkoak. Besteak, soilik, interesgarriak!. Bedi bada.