Okerrena ez da Europara oraindik iritsi. Gaitz erdi. Baten batek pentsa dezake baikor nagoela igandean Europako hauteskundeek oparitu zigutenarekin, baina kontrakoa da, oso ezkorra naiz, uste baitut dena okerragoa izango dela hurrengo urteotan (zorionez, ez nago soldadu joateko adinean, bai errazionamendu-kartilla eskuratzeko). Beharbada, pentsatzen badugu dena okerragoa izan daitekeela, ez, ez, dena okerragoa izango dela, ziur, gauzak bideratzeko aukeraren bat izan dezakegu, baina hori ere ez da seguru.

Analista batzuek ez kezkatzeko esaten digute, azken finean Europako parlamentuan eskuin-muturra ez dela %20ra iritsi (edo agian bai, hortik daudelako oraingo talde eskuin-muturrekoetara sartu ez diren parlamentari batzuk), bitan zatituta dagoela, eta Eskandinaviako herrialdeetan eta Portugalen behera egin duela. Kontsolamendua aurkitzea ez da hain zaila, antza. Niretzat %18 ez da gutxi. Kontsideratzen badugu, gainera, ezkerrak, bere buruari The Left deitzeko ausardia duen talde bakarrak, %5 duela, eta beste guztia eskuina (popularrak edo kristau demokratak) eta zentroa (liberalak, sozialdemokratak, berdeak) dela ez dut lasaitzeko biderik sumatzen. Tira, barkatu, ados, zentro-ezkertxoa deituko diegu azken multzoan bildu ditudan batzuei, engaina dezagun gure burua apur bat.

Hurrengo asteetan Europako estatuko agintariak bilduko dira, eta beraiek Ursula von der Leyen andrea Europako Batzordeko Presidente aukeratzea adostuko dute; geroago batzordekideak edo komisarioak izendatuko dituzte, 27, herrialde bakoitzeko bat, eta hor Meloni andreak eta gainerako faxista berri eta zaharrek izenak eta politikak baldintzatuko dituzte. Zera, irakurri dut Meloni dela eskuin-mutur moderatua: oximoron bitxiagorik ez da inon egongo. Borrell jaunak jarraituko al du?

Jendearen erdia ez zen hautetsontzietara hurbildu. Arrazoi mota asko egongo dira abstentzioan, batzuk oso zentzuzkoak eta beste batzuk guztiz zentzugabeak. Uste dut jende gehiago bozkatzera joan izan balitz, kontua ez zela gehiegi aldatuko. Horretan ere ez naiz oso baikorra.