Hamaika ikusteko jaioak gara, eta hamaika egun igaro diren irailean data berezi bat betetzen da urtero. Nekez ahazten den zenbakia da, iraileko hori bai, bederen.
Egun hori (irailak 11) garrantzi handikoa da Katalunian. Diada egun horretan baina, ez dirudi independentziaren aldeko oldar berritzaile hura modu alaitsuan agertuko denik. PSC boterean ezartzeak haustura ikusgarria ekarri du, izan ere, berarekin batera espainolismoaren aldeko jarrera ere gisa nabariagoan agertu da. Aurreko hauteskundeetan bertako alderdi katalanistek lorturiko emaitzak ez ziren hain onak izan herriari benetako bultzada politikoa emateko, independentismoaren ametsari berriz ateak zabaltzeko.
Atzo goizean, lore eskaintza horretan, nabaria zen apatia orokorra. Bertan ere izan ziren EH Bilduko eta EAJko ordezkariak, Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko. Gero arratsaldean, hainbat mobilizaziotarako deia zabaldu zen herri ezberdinetan, hala nola, Lleidan, Gironan, Bartzelonan, eta Tarragonan.
Baina irailaren hamaika hori bestelako albistez beterik ailegatzen da urtero. Bi irudi (agian hiru) gogoangarriak izaten ditut buruan. Lehenean, Txileko Salvador Allende presidentea ikusten dut Moneta Jauregitik ateratzen, armaturik eta kaskoa buruan, letorkiokeenari aurre egiteko prest. Augusto Pinochet malapartatuak estatu kolpea jo zuen, eta gero herri osoa laino beltzetan murgilarazi zuen, errepresio krudelena erabilita, eta historiarako malkorik sakonen0ak isuraraziz. Milaka hildako eta desagertu eragin zituen bere diktadurak, tartean, herriak estimu handitan zuen Victor Jara kantaria (bigarren irudia). Madarikatuak izan daitezela izugarrikeria hartan parte hartu zuten guztiak.
Eta hirugarrena, hegazkin batek dorretxe baten kontran jota berehala sortu zen kea eta sua ditut gomutan, eta hurrengo ordu sinestezinak. Mila kamera dena grabatzen, geroago gertatuko zen triskantzaren lekuko. Eta azkenik, arkitekturaren desafioa ekarri zuten dorre haiek nola erori ziren ikusi genuen. Ondoren, laborria, espantua, beldurra, eta muturreko harridura.
Dena hamaika aldiz ikusita.