Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Atzera

AtzeraEFE / EP

Gure mundua atzera doa. Ezin da ulertu zer duen gizakiak burmuinaren barruan halako astakeriak egin ahal izateko. Egunotan egunkariaren orrialdeetan barneratzea desafio hutsa da, gure gorputza dar-dar batean hasiko baita bertan irakurtzen ditugun albiste lazgarriekin, ulertezinekin. Logikaren arrazional osoak esango digu salagarria den guztia ez dela justua, ezinezkotzat jotzen dugulako begien aurrean agertzen ari diren irudi terribleak.

Adibidez, justizia alderrai dabil, itsuturik, noraezean, gizatasunez hurkoari laguntza eskaintzea delitua baita hemendik aurrera. Hala erabaki du Frantziako gobernuak, eta migratuak laguntzeagatik atxilotze agindua eman die euskal zazpi laguni. Guztiok dakigu elkartasuna delitua ez dena, inor ilegala ez dena, baina haiek elkartasuna kriminalizatu nahi dute, eta aste honetan ekintzaileak epaitegian izan dira deklaratzen.

Handik hurbil, euskara bera izan da elementu susmagarria berriz. Euskal mundua baztertzen duen gobernu horrek baxoko ahozko proba euskaraz pasatzeko ahaleginak ikertzen hasiko da. Azterketa batzuk, frantsesez egin beharrean, euskaraz egiteagatik zigorrak egon daitezkeela adierazi dute. Euskarafobia zuzena, hartzara.

Eta irakaskuntzarekin jarraituz, aste honetan puri-purian izan da Interneten mezu matxistak, arrazistak eta faxistak zabaldu zituen irakasle baboaren kasua. Bertako ikasleak antolatu dira eta agerraldi batean gaitzetsi dituzte irakasle horren adierazpenak eta bere jokabide anormala. Eurei esker, kanpoan da pertsona grutesko hori. Espero dezagun morroi hori, eta bera bezalakoak ere, irakaskuntzatik desagertzea.

Euskal Herritik mundura salto eginez, bonbardaketak nagusitu dira egunotan. Kasu honetan genozidioaren aitaren lurraldean jauzi dira hainbat misil. Orain mendekua da hitza, gerra-katea luzatzen hasi da, eta nonahi erasoak ugarituko dira. Yemen, Libano, Iran, eta Palestinan sua izango da berriro nagusi. Israelgo armada da horren erantzule, eta berarekin batera AEB eta Europa osoko mandatariak, gerra honen konplizeak baitira genozidioa egiten zen bitartean Israel babesten jarraitzeagatik.