Denok gara gauza asko. Batzuk besteak baino. Begiak itxi eta atzera eta ingurura so eginaz adin ezberdinak, gogo eta irrika ugari, pertsonak non nahi, aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak, maitatuak, maitagarriak. Harro beraietaz. Irakasleak biak, biak irakasle, ziur naiz eredu direla irakaskuntzan. Ni neu ere irakasle izan naiz nire bizitza osoan zehar, hortaz eta horregatik nire beraiekiko erabateko harrotasuna. Leire alabak bi alaba ditu Noa eta Natale, nire bi perlak, nire bilobak. Aitona naiz. Enara beste alabak bi seme ditu, Eki eta Kai, beste bi perlak. Lau biloba ditut beraz, lau aldiz aitona izan naiz beraz. Biloba, semea, anaia, senarra, aita eta aitona. Izan baditut, eta izan ditut osaba eta izebak denak aspalditxo hilak: Pako, Joakin, Miren Gerardo, Luisi, Paki eta Txaro. Denak ezagutzeko aukera paregabea izan dut, bat ezik, Benito Gudaria “Teniente de ametralladoras del Batallón Saseta” hila 1937an borroka bizian faszisten aurka Peña Lemonan askatasunaren, demokraziaren eta Euskadiren alde hila. Agur eta ohoren osaba Benito (Izan zinetelako gara). Iloba ere. Hauen osaba: Mikel, Jabi, Maddalen, Anne, Paul, Noa eta Lidya. Denok gara gauza asko.

Inor ez da gauza bakarra. Batzuk besteak baino gehiago hori bai. Begiak itxi eta atzera eta ingurura so eginaz adin ezberdinak, gogo eta irrika ugari, pertsonak non nahi, aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak, maitatuak, maitagarriak. Baita lehengusua ere, baita laguna ere. Lehengusuak ugari: Gabi, Manu, Juan Manuel, Fernandito, Lourdes, Itziar, Mikel, Arantxa, Idoia. Lagunak asko, ezagunak gehiago, onak eta ez hain onak. Baina asko. Maitasunak maitasun. Maitasun ezberdinak, denak eta guztiak maitasunak. Ezberdintasunean maitasun. Maitasunetan ezberdin. Maitasun mota asko, margo askotakoak, ñabardura aberatsekoak. Atzo, gaur eta biharkoak. Guztiak, maitasunak. Maitasuna maitasunetan islatzen da, maitasunak maitasun. Biloba, semea, anaia, senarra, aita, aitona, osaba, iloba, lehengusua, lagunak, ezagunak. Hala bedi bada.