Aste honetan, urtarrilaren 21ean, Besarkadaren Nazioarteko Eguna ospatu da. Kuriosoa da, baina Kevin Zaborney izeneko psikologo batek bultzatu zuen egun hori Estatu Batuetako gizartean zabaltzeko, han ez baitu ematen afektu-erakustaldiak asko gustatzen zaizkienik. Baina gezurra badirudi ere, besarkadek badituzte efektu onuragarriak gure metabolismoan, maila fisikoan eta immunologikoan, eta psikologikoan, gure nerbio-sisteman.
Aditu askok diote sei segundotik gorakoak izan behar direla, eta ahal izanez gero, sarritan egin behar ditugula. Arin antzematen dira besarkada faltsuak, indarrik edota energiarik gabekoak, bai eta desbesarkadak ere. Besarkadek oxitozina askatzen dute, eta horrek gure gogo-aldartean du eragina, ondorioz, gure estres maila arindu egiten da kortisola murrizten laguntzen dutelako.
Beste aldetik, besarkada batek lasaitasuna eta segurtasun-sentsazioa luzatzen dizkigu, eta plazeraren sortzaileak ere badira, bakardade-sentimendua gutxitzen digutelako eta zoriontsuago sentiarazten gaituelako.
Kontua da ea nork merezi duen gure besarka baliotsu bat, ez baita arinkeriaz banatzen den bezuza. Gaur egungo jende askok ez luke mereziko. Badira gorbatadun txitxarroak, eta beduino amableak, mutazio humanoidedun alakranak, musu pozoitsuak banatzen dituztenak. Horiek ez. Badira inoiz bete ez egiteko promesak esaten dituztenak. Badira pertsonak suge hilgarriak eta intsektu korazadunak direnak. Badira faltsuak, ingratuak, fartsanteak, xenofoboak, arrazistak eta faxistak direnak. Izan ere, faxismoa itzultzen ari da eta askatasunaren izenpean dator. Horiei guztiei besarkadarik ez.
Mesias baten gisan munduko politikan berriz agertutako doritos koloreko azala duen Trump psikopata horrek ez luke mereziko, ez eta bere ondoan, playmobil baten aurpegia duen Elon Musk naziak ere, keinu horrekin ospatu baitu Trumpen inbestidura.
Ez lukete mereziko konplexurik gabe ezjakintasun eta ergelkeria oparoaren apologia egiten duten ultraeskuindar korruptoek, mafia politikoa eratu dutenek, mundu ilunago bat nahi dutenek.
Finean, besarkadak maite ez dituztenek.