Oso azalpen argirik gabeko istripu harrigarriak gertatu dira Errusiak Ukrainako lurrak bereganatzea erabaki eta gerra piztu zuenetik. Azkena Ipar itsasoan gertatu da petroliuntzi batek eta zamaontzi batek elkar jo eta gero. Zabaldu den albistearen arabera, itsasontziak gerrako garraiobideetarako erregaia zeraman, eta beste ontzian oso elementu toxiko bat omen zegoen: zianuroa.
Sabotaje baten aurren gaude? Baliteke, izan ere, gaur egungo gerrak ez dira fronteetako lubakietan bakarrik erabakitzen, gorputzez gorputz borrokatuta edota urruneko misilak erabilita. Herrien arteko gerlatan ere berariaz eragindako konplot zehatzak, eraso zuzenak eta atentatu aldizkakoak, herrialdeetako hauteskundeetan esku-sartzeak, desinformazio-kanpainak, edo zibererasoak planifikatzen dira. Horiek dira gaur egungo arma ikusiezinak eta odol gutxi sortzen dutenak, eta Europar Batasuna ahuldu edota hutsaldu egin nahi dutenak.
Adituek diotenez, 500 gertakari susmagarri gertatu dira Europan zehar, eta operazio horietariko asko Errusiak bultzaturikoak izan dira. Helburua? armada etsai bat suntsitu edo lurralde bat okupatzeaz gain herritarrengan eragin nahi dute, nahasmena eta kaosa pizteko eta politikarekiko gogobetetasunik eza areagotzeko. Horri gerra hibridoa deitzen zaio, eta giro horretan ekintza militarrak sortzen dira. Bada, badirudi gero eta gehiagotan erabiltzen ari dela gure inguruan. Hortaz, batailak itzaletan gertatzen ari dira.
Itzalak beltzak dira, eta egunotan oso beltz egongo da hasieran aipatu dugun itsasoa, bertan petrolio isurketak gertatu baitira. Betiko legez, istripuaren ondorioz neurtezinak izango dira kalte ekologikoak, eta bertako ekosistemak oro suntsiturik lotuko dira. Bioaniztasunaren galerak ez du interesik sortzen. Fernando Valladares biologoak dioen moduan, “klima aldaketarekin baino egoera arriskutsuagoan gaude bioaniztasun galerarekin, baina herrialde kapitalistetan kosmobisioan arazo bat dago: gizakia espezie aukeratua dela pentsatu izan da”. Horrelako katastrofe baten aurrean, horrelako gerra baten aurrean, espezie aukeratua gara? Benetan?