Garai batean, Ultzama, Anue, Esteribar eta inguruko adinekoek eta ez hain zaharrek hamaika istorio kontatzen zituzten gaueko lanari buruz, Lapurdirekin eta Nafarroa Beherearekin mugakide diren herri guztietakoek bezala. Antzeko solasgaiak zerabiltzaten mugaz bertzaldeko herri aunitzetan. Lehenago, dena den, mugaz bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak ez ziren soilik gauaren minean harilkatzen, egunaren argitan ere baizik.
Lurra eta azienda gobernatzea oinarri zituen gizarte hartan, ohikoak ziren harremanak batzuen eta bertzeen artean. Izan ere, azoka, merkatu eta feriak zirela eta, bazen mugaz bertzaldekoen berri, mugimendu handia izaten zen harata eta honata eta, zer erranik ez, ahaideak han eta hemen. Harremanak, gainera, euskaraz izaten ziren. Nafarroa garaiko bazterretan euskara galtzearekin batera hasi ziren harremanak desegiten. Eugi eta Urepele artean gertatutakoa da horren adibidea. Eugiar euskaldun orok Urepeleko etxe-izenak ezagutzen baitzituen.
Urepeldarrek ere Eugikoak; garai bateko etxe-izenak, noski. Eugiko Argiñen-borda, konparaziora. Orain, ordea, Argiñen-bordaz galdetzen duen urepeldarrari, halako etxerik ez dagoela erantzunen diote ziur aski Eugin, etxe horri gaur egun “Cantero” erraten diotelako. Egun, hala ere, bertzelakoak dira harreman bideak mugaz bi aldeetako euskaldunen artean, kulturari, kantuari, musikari, bertsoari, bestari… lotuta. Horrela, apiril hondarreko igande honetan, jende aunitzek gurutzatu ditu Baigorrirantz doazen mendateak, Basaizea elkarteak 47. aldiz antolatutako Nafarroaren Eguna karrika luze horretan ospatzeko.
Zorionez, hara joandakoen artean hasieran baino aunitzez ere handiagoa da euskaldunen ehunekoa. Euskarak, beraz, bermatzen ditu mugaz bi aldeko nafarren harremanak. Bertzenaz, ez litzateke harremanik izanen.