Zerk mantentzen zaitu zutik? Ze aldamiok? Zeintzuk dira zure bidea sostengatzen duten zimenduak? Zein haritik zaude zintzilik? Ze harik lotzen zaitu mundura? Zein hariri edo sokari esker ez zaude bakarrik unibertsoan? Inguruan dituzun pertsonen maitasunak sostengatzen zaitu? Edo zure lan edo proiektuek? Akaso oraindik bete ez dituzun ametsek?

Barkatu galderak baino ez egiteagatik ziurtasunak exijitzen dizkigun mundu honetan, baina askotan galderekin irekitzen dira bideak erantzunekin baino gehiago. Galderek zabalera ematen diotelako bizitzari, erantzun irmoek ateak eta leihoak ixten dituzten bitartean.

Eta galderekin jarraituz, inoiz pentsatu al duzu zerk ematen dion zentzua zure bizitzari? Zergatik ez diozu galdetzen zeure buruari oraintxe bertan? Ia pentsatu gabe erantzuteko gai izango zinateke ala denbora beharko zenuke? Edo akaso boteprontoan botatako lehen erantzuna bitan pentsatzeko aukera izanez gero, beste bat izango litzateke?

Agian ez duzu inoiz pentsatu ere. Muturreko egoeretara heldu behar izaten dugu askotan ohartzeko zer den gure bizitzan benetan inportantea, eta zer ez. Gaixorik gaudenean gertatzen den bezala, ez gara ordura arte konturatzen ez diogula duen balioa eman osasuntsu egoteari. Eta hala gertatzen da gure eguneroko korapiloei begira pasatzen dugulako eguna, sostengatzen gaituzten hariei begiratzen egon ordez. Izan ere, ez gara beti ohartzen gu mugitzen garenean zer mugitzen den gurekin batera. Nor daukagun hari fin batez guri lotuta. Nori ematen dion min guk mina dugunean, nor pozten da gu zoriontsu garenean… Horiek dira hein handi batean sostengatzen gaituztenak, gure bizitzari zentzua ematen diotenak. Besteekin eraikitzen goazen loturek. Pertsonekin, baina baita ere gure ingurunearekin. Hari guzti horiekin sortutako armiarmak sostengatzen gaitu. Hari ikusezinak, baina mugitzen zarenean tenka egiten sentitzen dituzunak.