Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Javi

JaviARTXIBOA

Txantxikua da. Oñatiarra eta Oñatikoa. Bujanda du abizena. Iloba. Anai gaztearen seme zaharrena da. “Txebi” bezala ezaguna da, horrelaxe aurkezten du bere burua liburu hasieran, “Txebi Metal”. Hezitzailea da lanbidea. Hogeita hemezortzi urte inguruan dabilkigu. Maite dut, eta uste dut bide-batez ere estimu handitan nauela. Gogokoa dauka musika eta, beraz, aspaldi dabil mundu horretan. Bitxikeri batekin datorkigu oraingoan. Bere liburu panpoxa eskuartean daukat, merkea da, baina bere oparia dedikatua (“Osaba Bim Laden-entzat, maitasunez”) izan denez muxu-truk atera zait. “Txistegia” dauka izena aipaturiko liburuak, hitz-jokoak txiste samur eta dibertigarrian bilakatu ditu.

Gustukoa duela jolas hau begi-bistakoa da. Erraz sumatzen da hitz berriak asma eta sortzea guztiz gogoko duela. Barrea sortzea du helburu eta jomuga, irribarrea gutxienez diot nik. Eta nigan behintzat lortu du.

Ahazten ari garen plazer txiki eta merke horri esker une luzetxo batez ahaztu zaizkit mundu anker honetan bizi eta pairatzen ari garen tristura eta bortxakeri lotsagarriak. Ondo, eroso eta alai pasatu dut, orriak orri, hitzak hitz, irakurtzen eta berrirakurtzen bata bestearen atzetik. Atzera eta atzera jo dut askotan. 61 orri ditu eta 245 hitz, hiztegi serio baten gisan paratuta. Z-tik hasi eta A-raino iritsi arte. Hau, ere, aldrebes. Asmamena duela Javik ezin uka. Nik ere hitz baten bat ere asmatu nahiko nuke: Javik badu, izan ere, asmatasuna eta ez asmakeria. Barkatu nire txiste txarra.

Oraingoz liburua Oñatin leku pare batean erosi daiteke baina asmoak asmo ziur laster batean salgai ikusiko dugula handik eta hemendik. Lehen hitza, Zukabilkada da. Eta honela dio, “Zukabilkada: Zuka gaizki hitzegitean, euskaltegian jotzen dizuten kolpea”. Eta azken hitza hauxe dugu irakurle estimatua, “A bildua: Bileraz bilera dabilen bokal@”. Zorionak Javi Bujanda, zorionak txantxiku, ondo segi Txebi. Harro zutaz mutil, segi horrela. Goraintziak ama Reyesi, Juanra aita eta Mikel anaiari. Osaba Binm Laden.