Gure etxe inguruan aterpea hartzen zuen eskale xelebre bat izan dut gogoan egunotan. Gutaz urrikaltzen zela esaten zigun. Gure ondasunak ezin zainduta ibiltzen ginelako. Bere esanetan, beldurrez bizi ginelako. Nik ez dut beldurrik, eta lasai bizi naiz, esanez azkentzen zuen: ez daukanari ezin zaio lapurretan egin eta. Telebistarik ere ez zeukala jakinarazten zigun. Den-dena zekien kaxa. Hil zen gizagaixoa.
Egunotan, delituei aurre egiteko ziurtasun batzordea eratuko dela aditu dugunean, berehala piztu da azken urteotan ahoz aho dantzatu zaigun eztabaida. Ziurtasunak edo ziurtasuna bermatzeko jartzen diren arauek askatasuna mugatzen dutela. Askatasuna, bakoitzak nahi duena egitea dela ulertuko eta onetsiko bagenu bezala. Nahi duguna egitea mugatzen badigute, askatasunez gabetzen gaituztela salatuz.
Gure auzoko eskaleak ere halaxe gaztigatzen gintuen: etxera okupak sartzen bazaizkizue, etxea duzuelako da. Etxerik gabe, askeagoak zinatekete.
Bazen auzoan beste gizon bat, irabazten zuen guztia gastatzen zuena, eta lagunei argi hitz egiten ziena: zuek aurreztu dirua, niri zahartzaroa ordaintzeko. Eta halaxe izan zen. Erretiroa hartu zuenean, sekula kotizatu gabea izaki, eta inolako ondasunik gabea, zaharren etxean hartu behar izan zuten, kalean hilko ez bazen.
Gurean ba da jendea mugarik onartzen ez duena. Ez daukanari eman egin behar zaiola uste duena. Etxerik ez daukanak okupa izateko eskubidea duela. Zigorrik ez dela jarri behar aldarrikatzen duena. Poliziak ez lukeela kargatu behar… Teoriarekin eta neurri batzuekin, denok gaude ados.
Askatasunak, ordea, beti ditu mugak edo albo kalteak. Gizartean bizitzea erabakitzen dugun momentutik. Robinson Crusoeri galdetu, bestela. Edo berrirakurri Abereen matxinada. Irakurle onak erraz ondorioztatzen du, araurik gabe, askatasun betean, anarkiarako autopista laburra dela. Batez ere, teoriatik asko dakitenak arauak jartzen dituztenei oldartzen zaizkienean.
Irudikatzen, bestela, autopistan barrena gidatzea, askatasun betean eta araurik gabe, nor bere nahierara?