EAJren eta EH Bilduren arteko tirabirak goreneko mailara iristen ari diren une honetan bertan, Javier de Andrés popularrak bideo batean azaldu digu bi alderdi horiek, gehi PSE, idilio batean daudela, amodio eztitan, “ménage à trois” zoragarrian. Errealitatea ikusteko hamaika betaurreko daude, zinez. Pentsatzekoa da Javier de Andrésen asmoa dela, Ertzaintzaren inguruan dagoen eztabaida aprobetxatuz, EAJren eta PSEren boto-emaile batzuk erakartzea (eta ertzain batzuk?), ezinezkoa baita, haren ustez, EH Bilduko “erradikal” horiekin inora joatea, berez arazo izateaz gain, arazoak baino ez dituztelako sortzen.

Argudioa korapilatsua izan daiteke, baina ez hainbeste. Egia da Madrilen EAJk zein EH Bilduk Pedro Sánchezen gobernua babesten dutela, baina EAEn ez dira asko bi alderdi horien arteko akordioak, eta bai ugariak desadostasunak eta tentsioak, estrategia politikotik ikusita ulergarria dena bestalde, lehiakideak baitira. Laburbilduz, PP da bide bakarra.

Bideoan Javier de Andrések etika hitza, nola ez, erabiltzen du, hiztegi osoan dagoen hitzik usatuenetariko eta, beraz, arriskutsuenetako bat. Nik politikari batentzat aholkulari moduan lan egingo banu, esango nioke, agindu hobe, ez erabiltzeko inoiz, bueltan etor dakiolako oso modu txarrean, nik orain egingo dudan bezala. Ez dut uste oso etikoa denik Alderdi Popularrak Gasteizen abian jarri zuen sinadura bilketa errefuxiatuentzat atondu egin behar den gunearen aurka (Arana klinika zaharra).

Azken hilabeteotan Gasteizko plazetan, erdigune noblean beti, popularrak jendea engainatzen eta buruak pozoitzen ibili dira esanez errefuxiatuen zentro hori ia-ia infernurako sarrera edo irteera izango dela. Migrante, atzerritar eta errefuxiatuen kontrako diskurtsoak indartzen ari direnean, Gasteizko popularrak joko arriskutsu horretan sartu dira lasai asko: hazia erein badute, ezin gero eskandalizatu sortuko den landare itsusi eta ankerrarekin.

Eskerrak Zeledonek jatorri desberdinetako pertsona guztiei ongietorria eman ziela Gasteizko jaien hasieran.