Gazako genozidioa darabilgu aho mingainean. Edo gatazkari amaiera emateko politikariek agertzen duten borondate gabezia. Ukrainak ere errusiarren menean darrai eta politikariek fatxada-politika egiten dirautelakoan gaude. Espainiako sute ezberdinen aurrean, pilota teilatu batetik bestera ari da jauzika, erantzukizuna ausaz egokitzen den zerbait bailitzan. Eraso matxista eta homofoboen aurrean pankarta atzean biltzen gara, gehiago gerta ez daitezen...

Agintariak dira gure kritiken jomuga. Nor bere tronutik, gatazken aurrean jarrera jakin bat hartzen saiatzen direlako, hutsalak iruditzen zaizkigun hitzak esaten dituztelako, kontzientziak garbitzeko baliatzen dituztelako.

Beti pentsatu izan dut kontra egiten duenak, kontra egiten duen arrazoi horren muinean, ereduzko jarrera bat erakutsi nahi duela. Horregatik dela kexu. Horregatik manifestatzen dela. Horregatik kokatzen dela besteak ez dauden posizioan.

Baina politikariei lezioak emateko, eta kontra gaudela erakusteko, herritarrok ere politikariek erakusten dizkiguten jarreren gainetik beharko genuke egon. Eta, tamalez, maizenik, ez da horrela. Herrietako jaietan gatazka ugari bizitzen da, era batekoak zein bestekoak. Horietan, pertsona kalteberekiko begirunea erakusten saiatzen gara. Kalteberak diren guztien alde egiten dugu. Eredugarriak garelako eta gure herria irekia dela esatea gustatzen zaigulako. Harik eta gure iritzikoa ez den pertsona bati zerbait gertatzen zaion arte. Orduan, gertakaria ez da hain grabea. Edo ez gara gertakizunaz jabetu. Edo ez dugu ikusi. Edo… ez zaigu interesatzen.

Urrutikoen egoerak izugarri kezkatzen gaitu eta hala behar du: solidaritateak ez baitu mugarik ezagutzen… baina auzokoari, guk bezala pentsatzen ez duen horri, ez diogu egun onik ere opa. Eta, orduan, solidaritateak mugak dituela erakusten dugu. Politikariek tronuagatik lan egiten dutela diogun era berean baieztatu genezake, herritarrek auzoko plaza (txiki-txikia izanagatik ere) irabazteko egiten dutela.

Gure etxeko zaharrenak esaten zuen bezala: errege izan behar, miseriarena bada ere.