Unibertsitatean nengoela Psikologia egiten, orain dela urte asko, irakasle batek, Soziologia edo Antropologia eskoletan (denetik ikasten zen garai hartan lehendabiziko ikasturteetan) gaztaroaz eta gazteriaz hitz egin zigun luze, hasieran modu teorikoan, baina geroago gaia zehazte aldera, uste dut, “zuok, gazteok” eta “zuok, gazteok” aritu zen astun. Une batean apunteak hartzeari utzi, burua altxatu eta inguruan nituenak, laurogeita hamar lagun, aztertzeari ekin nion. Gure artean urte beteko tartea egongo zen, bi gehienez jota; guztiak ginen gazte, baina bat-batean konturatu nintzen haietako askorekin ez nuela zerikusirik, nire jatorri, asmo eta bizimodutik ezin urrunago zeudela, gazte nabarmenki aberatsak, adibidez, beste mundu batetik zetozela eta irakaslearen orokorkeriak horixe baino ez zirela, orokorkeriak. Klase soziala adina baino garrantzitsuago dela ikasi nuen egun hartan.

François Bayrou, lehen ministro frantziarraren azken adierazpenek ekarri didate gogora egun hura. Bayrouk inolako arazorik gabe egotzi die zaharrei, “boomer”-ei (hitz ergel modernoa erabiltzeagatik), Frantziak duen zorra, eta azpimarratu du gazteek ordaindu beharko dutela zaharren egoismoa. Gazteak biktima dira eta zaharrak errudun. Jakina da Bayrouk arriskuan duela bere postua (irailaren 8an konfiantza-mozioa dauka), berak proposaturiko murrizketa plana ez delako aurrera atera, eta badakigu arriskua usaintzen duen politikariak edozein tresna erabil dezakeela atakatik bizirik ateratzeko. Bertako langileak etorri berrien kontra jarri behar ditugula? Ondo. Gazteak zaharren kontra erabili behar ditugula? Ederki. Bien adibideak egunero ikusten ditugu hemen zein kanpoan, Frantzian zein Alemanian. Gero eta gehiago.

Belaunaldien arteko haserrea zein borroka piztea komenigarria da sakoneko arazoetan ez sartzeko. Etekin asko atera dakioke kontuari, langile gazte eta ez gazte batzuen soldata kaskarrak edo pentsiodun batzuen erretiro-sari ziztrinak ahazten diren bitartean. Barkatuko didazue, gazteok, oraindik ere klase soziala adina baino garrantzitsuagoa da.