Euskalduntasunaren ezaugarririk behinenak euskara eta beste hiru aspektu dira: bokazioa, behar egiteko gogoa eta baliabideak. Izan ere, ogibideak bokazioan dautza. Irakasle batek ondo estimatu behar du bere zeregina. Ez da irabazpide hutsa. Antzina, ni umetan, irakasleen ezaugarririk behinena bokazioa zen. Irakastea, erakustea, haztea eta heztea lau alderdi ziren, edozein ikasle, edozein ume… edozein gizagai bihar-etzi irakaslearen, garakoaren… gizakiaren lekuan jartzeko; hori guztia erakutsi behar zaio gizagai horri, eginkizunak ondo egingo badira…

Bokazioa oinarrizkoa da. Bokazio barik ez dago hezterik, ez dago hezkuntzarik… ez dago etorkizunik egiterik. Eginbehar hutsa bada irakastea, alferrik da ogibidea. Bokazioz jokatzen duen irakasleak liburukoa eta liburutik harantzagokoak igorri behar dizkio ikasleari. Behargintzak laguntzen dio bokazioari. Bokazioduna behargina da berez. Izan ere, erakusle horrek jakin badaki jarrera, behar egitekoa, ezinbestekoa dela gizagaien etorkizuna bermatzeko, gero eta behin, katea eten ez dadin.

Bokazioa eta behar egiteko gogoa egonez gero, baliabideak ez dira hain garrantzitsuak. Hori ez da iritzia, ezpada benetako datua, egitatezkoa. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak, 2021ean, Areces fundazioaren arabera, ia 11 000 euro gastatu bazituen herritar bakoitzeko, eta Madrilgo Erkidegoak 5886 euro gastatu bazituen, zelan ulertzen da Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleak Madrilgo Erkidegokoen atzetik egotea? Kasu bat da, baina hamaika gehiago aurki daitezke hezkuntzaren arloan.

Hori modu askotara interpreta daiteke, baina lan-absentismoaren iragazkia erabiliko dugu. Izan ere, Espainiako Erresumako batez besteko lan-absentismoa, % 7,4koa da, Euskal Autonomia Erkidegokoa, berriz, % 8,4koa. Horri gehitzen badiogu ikasleen absentismoa % 7,9koa dela, estatuko bigarrena, euskalduntasunaren % 75en geroaldia zalantza handikoa da. Bokazioa eta behar egiteko gogoa ezinbestekoak dira, baliabideak, sarritan, alferren leloa.