Aitortu beharra: garai oso-oso asaldatua bizitzen ari gara, eromen kolektibo moduko bat, eta denok, era batera edo bestera, nahita edo nahi gabe, parte hartzen dugu. Izan ere, azken edo hurrengo astinduaren jatorritik milaka kilometrotara egonda ere, tximeleta jakin batzuen hegaladak zehazki, egunerokotasunaren zimenduak pitzatuarazi ditzake juxtu gure oinen azpian. Gainera, goi-mailako agintari politikoek eta gobernaburu ezberdinek antipolitika beren izateko arrazoi bihurtzen badute, lehenengo kaltetuak gu gara, oinezko jendea, jende ona. Ihesbiderik ez dugulako: ezjakintzat hartuta, hiritar gisa beharrean ganadu, robot edo meneko gisa tratatzen gaituzte,‘nirekin edo nire aurka’ kontsignapean.
Bost axola indartsuenaren legea edo klaseko azkenarena bada, baldin eta batak edo besteak interes orokorrari zerbitzatuaren ordez, beren onurarako bakarrik jarduten badute, erabaki-hartze bakoitzean dibidendu pertsonalak eta politikoak biderkatuz. Bistan dago ere, beren burua Jainkoak berak mundu mailako ordena berri baten agintea hartzeko izendatzen dituela uste dutenek -batzuena haren kaleko inguru ñiniñoa mugatzen den arren- urrats batera daude haien helburua oztopatzen duen guztia hauts egiteko, hau da, elkarbizitza-arauak, arrazionaltasuna, etika... Eta kasurik lazgarrienetan, laranja-trump edota gazatar odol-gorria kasutan diot, Eskubide Estatu bera, baita oinarrizko printzipio humanitarioak ere, soberan daude. Gehi diezaiogun hori guztiari sare sozialak gainezka egiten dituzten koloretako tximeleteen hegalada frenetikoa eta telegidatua, aide-kolpe bakoitzean desinformazioaren uhin hedakorra handiagotuz, biziki jatuna.
Jende onaren sarraskijaleek inoiz ez zuten hain erraza izan, ezta edozein izkin ilunetan bigarren mailako konplizeak eskuratzeko ere. Guztiak, harrokeriak eta handigurak jota, lau haizetara gorroto bera inokulatuz, sare sozialetako haien profilaren alegiazko solapan iltzaututako tximeleta babesgabe bat erakutsiz.
Tximeleta gaixoak, manipulatzaile gorrotagarriak.