Hirugarren urtez jarraian, Euskaltzaindiak “Irailekoak” izeneko poesiari dedikatutako programa antolatu du, Lekeition, iraileko azken asteburuan. Lehenbizikoa Lekeition izan zen, bigarrena Itsason eta aurtengoa, berriz ere, Lekeition: Resurrección Maria de Azkue, Eusebio Erkiaga eta Miren Agur Meaberen herrian. Izan ere, Lekeitioko hiribilduak aurten 700 urte betetzen ditu eta urtebetetze esanguratsua ospatzeko antolatutako 200 ekitaldiren artean (eta Irailekoak programaren baitan), herriko seme zen Eusebio Erkiagari omenaldia egin zaio, bere izena daraman plaka bat ezarriz idazlea bizi izan zen etxeko atarian.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi bezala, poesia paperetik altxatzea da Irailekoak programaren helburua. Paperetik belarrietara eramatea, paperetik kaleetara eta poemak liburuetan hertsita izatetik ibiltari egitera. Eta, horretarako, Lekeitio herri ezin aproposagoa da. Ederra izateaz gain, poesiaz modu oso intimoan gozatzeko zokoz beteta dago, itsasoari begirako guneek hitzaren indarrari lehia egiten diotelarik.

Aberria, aberriaren bilaketa eta aberriaren zaintza izan zen, besteak beste, poetek irakurritako poemen artetik erreskatatutako gai nagusietako bat, ibilbide poetiko ezberdinen artean bertaratutakook ere hizpide izan genuena.

Benetan harrapatu nindutenak, ordea, Itxaro Bordak “0 km.-ko abeslariak” deitu zituenak izan ziren. Lekeitioko musikariak, larunbateko ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko demari aurre egin ziotenak. Euren letrak ez zirela poesia aitortu zuten, umilki. Baina poeten hitzak ederresteko musika jartzen jakin zuten. Lekeitio eta bertako hizkeraren doinua presenteago izan genezan eta poeten hitzak eta mezuak bertakoagoak izan zitezen.

Bertaratu ginenontzako benetako gozagarria izan zen, inspirazio iturri, aspaldiko lagunekin bat egiteko plana, Lekeitiora joan-etorria egiteko estakurua, poesiaz hitz egiteko parada eta, nola ez, literatura proiektu berriak egozten jartzeko aukera eman ziguna. Laster zerbitzatuko diren literatura proiektu berriak, alegia. Ikusiko duzue…