Síguenos en redes sociales:

Biolentziarik eza

Biolentziarik ezaPatxi Cascante

Urriaren 2an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatutako Biolentziarik Ezaren Nazioarteko Eguna ospatu egiten dugu. Egun honetako ospakizunetan indarkeriarik eza gatazkak konpontzeko eta justizia soziala lortzeko baliabide onena dela adierazten da. Egia esan, egunero ikusten dugu indarkeria maila guztietan. Irakurri dudanez, urtero ia bi milioi pertsona hiltzen dira indarkeria-ekintzaren batean.

Gaur egungo gizarte honetako gaitzik ohikoenak emakumearen aurkako indarkeria, genero-indarkeria, arraza-indarkeria, indarkeria erlijiosoa, eta indarkeria homofobikoa dira. Baina aipatutakoen artean, azken urteotan gorakada bat izan duena genero-indarkeria edo emakumearen aurkako indarkeria izan da zoritxarrez. NBEren arabera mundu osoan hiltzen diren emakumeen % 35 bikotekideak edo familiako kideren batek eragindako indarkeriazko ekintza baten ondorioz hiltzen dira. Horrexegatik garrantzitsua da ideologia etiko-politiko hori hauspotzea, betidanik eta betiko, indarkeria eta erasoa edozein modutan erabiltzea arbuiatu egin behar da eta.

Liskarrek ez dute etorkizunik, eta biolentziak beti ekarriko du biolentzia gehiago, baina ez da arazoen aurrean pasibotasuna aldarrikatu behar, konpromisoa baizik. Atzera eginez gero erraz jabetzen gara gizadian izan ditugun aurrerapen historikoak posible izan direla elkartasunez edota modu kooperatiboan aritzeko egon den gaitasunagatik. Indarkeriarik gabeko gizartearen eraldaketako prozesuak indarkeriarik gabekoak ere izan dira, hala nola, grebak, boikota, edota desobedientzia zibila. Guztion burura dator Gandhiren filosofiaren garrantzi unibertsala, bai eta berak bakearen eta indarkeriarik ezaren kulturaren alde emandako bizitza.

Hain zuzen ere, egun hau gaur ospatzen da, 1869an Mahatma Gandhiren jaiotzaren urteurrenaren omenez aukeratutako eguna delako. Garrantzitsua da indarkeriarik ezaren ideologia eta haren boterea azaltzea, horrela, mundu baketsuago, toleranteago eta ulerkorrago batean bizitzeko probabilitatea handiagoa izango dugu.