Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Inbasioa

InbasioaDEAN LEWINS | EFE

Umberto Eco pentsalariak dio ergelen inbasioaren aurrean gaudela. Euskarazko ergel, kaiku, inozo, lelo, tentel, mozolo hitzek gaztelaniazko imbecil adierazteko erabiltzen dugu. Eta memelo, tentel, ergel, kaiku, tontolapiko, zozo hitzak erabiltzen ditugu gaztelaniazko idiota adierazteko. Bien arteko ezberdintasuna ez dago oso argi. Edo bai?

Gaztelaniazko idiota grekerazko idiotes terminotik omen dator, eta bere kontuez arduratzen den pertsona adierazteko erabiltzen zen. Gaur egun, esan liteke ergela buruko tararen bat eduki ez arren, bere inguruan gertatzen dena ulertzen ez duen pertsona dela. Espainiako RAEren arabera corto de entendimiento edo idiocia daukana, hots, adimen-ahalmenik eza galanta duena. Laburbilduz, errealitatea ikusteko eta ulertzeko arazoak dituena. Imbecil ostera falto de inteligencia definitu egiten da.

Ez dut bien arteko amildegi ia ikusezina gehiago lausotu nahi baina argi dago Ecok arrazioa duela. Ergel baten aurrean zaudenean oso arin jabetzen zara ergel totala dela, eta hobe duzu arrastoan sartzen ez saiatzea, bestela senetik aterata amaituko duzu, erresuminduta. Eta gero eta gehiago dira, eta ez dute atsedenik hartzen.

Jose Carlos Ruiz idazlea, Filosofia ante el desanimo bere liburuan, ergel hipermodernoaz mintzatzen da. Gaurko ergelarentzat dena izan daiteke konspirazioa edota manipulazioa baldin eta bere konbentzimendua zalantzan jartzen bada. Gaurko munduaren erosotasunak eratutako pertsona da, eta teknologiari esker bere errealitatea aldatu du. Ez du analisirako tarterik, berak bere pentsamendua indartu behar du eta publiko egin, inolako lotsarik gabe. Ergel ona denez ez dio besteari entzungo, erabat egozentrikoa baita, horrexegatik gaitasun gutxi duten pertsonek gai espezializatuei buruzko iritzia eman ohi dute, ideiarik ez duten arren. Espezialistek berek baino gehiago dakitela uste dute.

Seguruenik, gertuko espazioan guztiok ezagutuko dugu baten bat. Beste dimentsio bat da Espainiako politikan ikusten dena, politikari askoren idiocia nabarmena baita.