Zutabe hau idazten ari naizen eguna urriak 12 da. Cristobal Colon-ek kontinente berri bat deskubritu zueneko eguna. Espainiako Egun Nazionala da baita ere, Amerikaren aurkikuntza eta espainiar inperioaren sorrera ospatzeko egiten den jaieguna. Askok geure sentitzen ez duguna.
Gaur, Nao Santa Marian izan naiz. Cristobal Colon-ek Amerikak deskubritu ahal izateko erabili zuen ontziaren erreplikan. Nabigazioa mundua eraldatzeko zientzia izan zen ezbairik gabe. Gaur Marte ezagutzera joateko erabiltzen den teknologiaren pare. Beste aldean egon daitekeenaren bila. Norbere teknologiak laguntzen duen muga askatu arte. Itsas marinelak hiru gida mota menperatu behar zituela irakur dezake bisitariak Santa Maria untziaren baitan: norabidea, altura eta fantasia. Norabidea neurtzeko zituzten, besteak beste, konpasa, irristagailua, anpolleta edo sonda neurgailua. Altura neurtzeko erabiliko zituzten koadrantea eta astrolabioa. Baina fantasia neurtzeko ez zeukaten neurgailurik.
Nabigatzea oso gogorra zen. Marinelek ez zuten aisiarako denborarik. Eta ezin zuten biraoka aritu, kartetan ibili, lapurtu edo biluztu, adibidez. Gaua erortzen zenean jolastu, hizketan aritu edo irakurri (zekienak) egin zezaketen bakarrik. Jolastea galerazita egon arren, apustuak egiten zituzten, batzuk, soinean zeramatzaten galtzak galtzeraino. Zorriekin, arkakusoekin eta arratoiekin bizi beharraz gain, lan handiena, eskorbutoari ihes egitean zuten.
Eta, hala ere, marinelek behar zuten baliabideetako bat fantasia zela diote. Asmatzeko gaitasuna, alegia. Ezagutzen zutenari aurre egiteko eta ezagutzen ez zutenari izena jartzekoa. Ez lurrari bakarrik. Baizik eta aurkituko zuten bizitza berriari. Zaila da pentsatzea Santa Marian itsasoratu ziren marinelek zer zeukaten buruan. Garraztutako ardoa eta zizareek jandako ogi apur baten truke beren bizitza emateko prest agertu zirela besterik. Ederra behar zuen izan, bada, inork ezagutzen ez duen zerbait deskubritzen lehenbizikoa izango zarela pentsatzea.
Horren alde bizitza ematea, bizitzeari eta etorkizunari neurria jartzea zen.