Asteburuan klimaterioa eta menopausiaren munduko eguna izan da. Emakumeak, 45 eta 55 urte bitartean jasaten hasten diren aldaketa biologikoaren berri emateko eguna. Urtero gauza bera irakurtzen dugu, ordea. Oso gutxi aztertu den gaia dela eta sozialki, oraindik, ezkutuan gordetzen dena. Urtero entzuten dugu baita ere, menopausia, emakumeen gehiengoak pairatzen dituzten itolarriak baino gehiago dela.
Menopausia, milioika emakumeren osasunean funtsezkoa den trantsizioa markatzen duen bizitzaren aldia da. Eta, egun, munduko emakumeen % 26ak 50 urte baino gehiago ditu. Datu honek, osasunaren ikuspegitik eta sozialki ere, erronka paregabea dakar, adin honetako emakumeek pairatzen duten aldaketa hormonalen ondorioz, hezurretan, bihotzean, metabolismoan eta ongizate emozionalean duen eraginagatik.
Gehiago ikertu behar dela esaten da, beste arreta bat eskaini behar zaiola adin tarte honetako emakumeari, jarraipen pertsonalizatua behar duela, gaia plazaratu eta partekatu egin behar dela, batez ere ikerlarien eta etapa hau bizi duten emakumeen artean… Baina urteak badoaz eta ez da berririk entzuten. Medikuek, zaintzari begira kontuan hartu beharrekoak zeintzuk diren zerrendatzen dituzte: osasuntsu jan, kirola egin, alkoholaren kontsumoa murriztu, estresa kudeatu eta lo ondo egitea dira gomendio hedatuenak. Familiaren eta ingurukoen ulermena ere aipatzen da, baina errezetarik gabe.
Eta, bitartean, emakumeak autoestimua apaldu zaiola, gauzak ahanzten edo nahasten dituela, izenak edota esan nahi duen hori ahantzi egiten zaiola, negarrak gutxien espero duenean harrapatzen duela, dena zaiola zalantza edota beldurrak jan behar duela nozitzen du. Batez ere, galeraren ideiak dardarizoa sortzen diola. Eta honekin guztiarekin, bere etxe propioan sartzen da, barraskiloaren antzera, edota etxetik atera behar ezohikoak larritzen du.
Hurrengo urtean, emakumeei osasun eta bizipen emozionalen inguruan egindako elkarrizketetatik ondorioztatutako emaitzak ezagutu nahi nituzke, adibidez. Hasteko eta behin, munduko emakumeen laurdenak zer sentitzen duen jakiteko.