Gasteizko Legebiltzarretik bi Herri Ekinaldi Legegile (HEL) pasatu dira gure begien aurretik azken asteotan aitaren batean. Egia esan, ez dakit Legebiltzarretik pasatu diren ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu beharreko txostena kontrakoa izan baita bi kasuetan, beraz, tramiterako ere ez dute onartu. Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu zuen horietako HEL bat gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko, eta zenbait sindikatuk bigarrena, EAEn gutxieneko soldata propioa ezartzeko. Jaurlaritzak emandako argudioen artean irakur daiteke pentsiodunen eskaerak aurrekontuei eragingo ziela, eta HELak ez daudela horretarako, Eusko Jaurlaritzak neurriak dituela pertsona zaurgarriak laguntzeko eta, ororen gainetik, Eusko Jaurlaritzak ez dituela pentsioak edo soldatak aldatzeko eskumenik.
Azken argudio hori gorritu gabe bota du Jaurlaritzak, orain noiz eskumenekin gora eta behera dagoen Madrilgo gobernuarekin. Subiranotasunarekin hain arduratuta omen dagoen alderdi batek, EAJk, ez luke hain erraz amore eman beharko kontu batzuekin; Jaurlaritzan dagoen beste alderdiaren jarrera, sozialistena, ez da hain harrigarria, Anduezarentzat subiranotasunak “imajinarioak” baitira.
Nik ez dut ulertzen zergatik ez duten tramiterako onartu bi HEL horiek. Sinadurak ez dira gutxi izan, eta interesgarria izango litzateke batzorde batean argudioak entzutea, zenbakiak, batez ere. Zenbat diru inbertitu beharko genuke? Batzorde batean, gainera, bi egunetan garbitu ahal dute afera edo hilabeteak eman eztabaidan guztiok aspertu arte eta, garrantzitsuena, ikusiko genuke demokrazia, prozedura demokratikoak alegia, aintzat hartzen direla herritarrek eskakizun bat aurkezten dutenean. HEL horiek eztabaida sakona eta begirunea merezi zituzten, eta ez presaka eta muturka alboratzea, egin den bezala. Jendeak ez duela demokrazian konfiantzarik? Arazoa azkar igarotzea zen helburua, jendeak gehiegi pentsa ez dezan?
Orain dela gutxi Gasteizen gobernu irekiaz eta herritarren parte hartzeaz nazioarteko kongresu arranditsu bat izan dugu. Zinismoa modan dago.