Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Eder

EderARTXIBOA

Urte zaharraren bukaera eta berriaren hasiera elkarri onena desiratzeko garaia izaten da. Eta gure zorion mezuetan gehien agertzen diren hitzak zoriona, osasuna, ilusioa… izaten dira. Guzti horiek nahi ditut niretzat eta baita mundu guztiarentzat, baina horiez gain, urte berri honetan edertasuna eskatu nahi dut.

Nahi dudan edertasun horrek ez dauka zerikusirik gure bizitzak kolonizatzen dituen publizitateak aldarrikatzen eta exijitzen digun edertasunarekin, baizik eta gauzak eder ikusteko gure ahalmenarekin. Eta ahalmen hori ez dago begietan, geure buruan baizik.

Urte berri honetarako eskatu nahi ditudan guztien artean, eguneroko gauza soil eta ohikoetan edertasuna antzemateko ahalmena izatea dago. Kapaz izan nahi dut inguruan edertasuna ikusteko. Zerura begiratu eta han goian hodeiek marrazten dituzten formekin aho zabalik geratu, itsasora begiratu eta olatuen kadentzian mundua mundu denetik gelditu ez den kadentziaren mirariarekin liluratu, lagun baten besarkadarekin sabel aldean lore gorriak hazten ari zaizkidala sentitu, amona baten eta ume jaio berriaren eskuak lehendabiziko aldiz elkartzen diren uneari urre kolorea antzeman, liburu bateko esaldi batean nire bizitza osoa laburbilduta ikustean dardarizoa sentitu, andre zahar baten barrean inoiz izan zen neskatoa oraindik bizirik dagoela sumatu… Ez nuke galdu nahi munduaren edertasuna antzemateko ahalmena, nahiz eta eguneroko albiste txarrek askotan kapazitate hori ahuldu.

Ez nuke amore eman nahi albiste txar eta munduan egunero gertatzen diren injustizien aurrean. Nire txikian guzti horiek aldatzeko egin ahal dudan guztia egin nahi dut urte honetan, baina egunero inguruan dugun edertasuna antzemateko gaitasuna lausotu gabe. Edertasuna, bizitzako misteriorik handienetakoa izateaz gain, egunero aurrera egiteko beharrezkoa dugun lehengaia baita.