Urte berriak zer ekarriko digun jakiteko, urtarrileko lehenbiziko egunetan komunikabideek zer nolako albisteetan azpimarra egiten duten begiratzea gustatzen zait. Goiburuez gain, idatzizko komunikabideek zer nolako argazkiak erabiltzen dituzten ere begiratzen dut, irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten dutelako.
Igaro berri dugun asteburuan, argazki horietako batek harrapatu du nire arreta. Berria egunkarian “Zer dator gobernatu eta gero?” izeneko azterketa lanean, 2011tik 2024ra Hego Euskal Herriko bi gobernuetako sailburuek politika utzitakoan zer ibilbide egin duten aztertzen zen. Eta emaitzak argitara emateko, ondoko argazkia paratu du egunkariak: hiru korbata. Ezin izan dut ekidin neure buruari galdetzea hiru korbata horiek nor ordezkatzen duten, zein genero.
Enpresan berdintasun plana ezarri zenean, intranetean zuzendaritzako pertsonak ordezkatuko zituen argazki bat jarri beharra izan genuen. Helburua, zuzendariek eta baita langileek ere, euren burua ordezkatuta ikustea zen. Argazki bat jarri zen, zeinetan, hiru hanka pare agertzen ziren. Lehenbiziko hanka parea, gizonezko batena zen; galtza beltz luzeak eta, azpian, zapata beltz dirdiratsuak zituena. Bigarren hanka parea, emakumezko batena zen; estanpatu zarratuko panty beltzak eta takoi altuko zapata beltz dirdiratsuak. Hirugarren hanka parea ere, emakumezko batena zen; galtza beltz luzeak, kolore ezberdinetako globoak erakusten zituzten galtzerdi laburrak eta takoi erdiko zapata beltz mateak.
Langileak ez ziren isilik gelditu. Gizonezkoek beren burua argi ikusi zuten ordezkatuta. Hirutik bat izateaz kexatu ziren, baina tira. Gizonezko zapaten aldamenean aurkitzen zen estanpatu zarratuko pantydun emakumezkoaren irudia hurbilekoa egiten zitzaien. Zuzendaritza karguetan zeuden emakumezko gehienek, beren burua, globo koloredunak zituen galtzerdidun hanka parean ordezkatuta ikusi zuten.
Urtetan egon zen argazkia intranetean, harik eta argazkilari berri batek, futbolarien posean jarritako argazkiak atera eta zuzendari bakoitzak bere argazkia behar zuela agindu zuen arte.