Duela urtebete, Husam Abu Safiya pediatra palestinarra atxilotu zuen Israelgo armadak, Gazako iparraldean zuzentzen zuen ospitalea uzteari uko egiteagatik. “Urtebete igaro da nire aita atxilotu zutenetik. Bere bata zuriarekin, bakarrik ibili zen heriotzaren eta suntsipenaren artean, tankeei aurre eginez, ez beldurrik ez zuelako, baizik eta bere zina eta gizatasuna beldurra baino indartsuagoak zirelako”, esan zuen bere seme Idrisek. Irudia gerra honen memoria kolektiboaren parte bihurtu da: Safiya urrats sendoz, pausoz pauso, oinez, astiro ibiltzen, bi tanke israeldarrei bizkarra emanez, Beit Lahia hiria zenaren hondakin mendi batez inguratuta.

Pediatrak 40 kilo galdu ditu espetxean, jipoitu zuten, argirik gabeko ziega batean sartuta. “Era basatian jipoitu zuten 2025eko ekainaren 24an. Ubeldura larriak jasan zituen bularrean, aurpegian, buruan, bizkarrean eta lepoan. Jipoiak 30 minutu inguru iraun zuen”, esan zuen bere abokatuak, Gheed Qasemek. Bere familiak ezin dio deitu, ezina dauka harremanetan jartzea. Safiyari ez zaio deliturik leporatu, ezta epaiketarik edo askapen datarik ere. 2025eko urriaren erdialdean, Israelgo auzitegi batek bere atxiloketa beste sei hilabetez luzatu zuen. Israelgo erasoak Safiya familiaren bizitza aldatu zuen, erabat eta betiko. 2024ko urriaren 25ean, Israelgo indarrek ospitalea hartu eta 44 langile eta mediku atxilotu zituzten. Egun berean, ospitalearen aurkako aire eraso batek Safiyaren seme gazteena, 15 urteko Ibrahim, hil zuen. Abu Safiyak hileta otoitzak zuzendu zituen ospitaleko patioan, non mutila setioaren ondorioz lurperatu zuten, eta kameraren aurrean, pediatrak Israeli leporatu zion hura hiltzea, bere pazienteak abandonatzeari uko egiteagatik mendeku gisa. “Dena galdu genuen ospitalean, baita gure seme-alabak ere. Eraiki genuen guztia, erre egin zuten. Gure bihotzak erre zituzten. Nire semea hil zuten”, esan zion Safiyak negarrez Al Jazeerari hilketaren ondoren egindako elkarrizketan. Lotsaren lotsa. Madarikatuak. Hiltzaileak.