Konturatu naiz Ayuso andereak askotan erabiltzen duela “askatasuna” hitza. Ez da bakarra, eskuineko pertsonen ahotan agertzen da maiz: Bakoitzak askatasuna izan behar du nahi duena egiteko. Esaldiaren soinua ez da txarra, denok nahi dugu eta askatasuna, baina maiz ahaztu egiten dugu askatasuna ez dela kontu indibidual bat, ez da lurralde pribatu bat, non pertsona bakoitzak nahi duena egin dezakeen besteengan duen eragina kontuan izan gabe. Askatasuna, benetako askatasuna, zentzu komunitarioan ulertu behar da beti. Ez dago besteak kontuan hartzen ez dituen askatasunik. Hori beste gauza bat da.

Askatasunak mugak dituela esatea ez da aske izateari uko egitea, mugak ez baitira kateak, baizik eta bizikidetza lortzeko bermeak. Joko-arau partekatuak dira, guztion askatasun eta eskubideak kontuan hartu behar dituztenak. Batzuen ahotan askatasuna hitzak beldurra ematen du, izan ere, mugarik gabeko ustezko askatasun indibidual horren izenean, beste askoren askatasuna murrizten dituzten jarrerak justifikatu nahi izaten baitira.

Adierazpen-askatasunak ezin du barne hartu norbait umiliatzeko eskubidea; edo mugitzeko askatasunak ezin du ontzat eman besteen espazio intimoak inbaditzea; edo aukeratzeko askatasunak ezin du arriskuan jarri besteen bizitza edo duintasuna… Nik nire bizitzarekin nahi dudana egin dezaket esaten dugun bakoitzean, gogoratu beharko genuke eragin indibidual bakoitzak eragin kolektiboa duela.

Horregatik, susmagarri egiten zait askatasuna hitza larregi erabiltzen duen jendea. Ez beti, baina askotan hitz horrek ezkutatzen dituelako muturreko indibidualismoa, norberekeria, pribilegioa, berdintasun eza, nagusikeria… Halako alarma bat pizten zait barruan hitza entzuten dudan bakoitzean. Eta benetako askatasunaz ari diren edo ez baloratzeko, saiatzen naiz igartzen aldarrikatzen duten askatasun horrek beste batzuenak urratzen dituen. Hori da termometro fidagarriena. badu komunitatea kontuan hartzen, ez baita askatasuna, beste gauza bat baizik.