Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Traktoreak

TraktoreakPilar Barco

Joan den asteko ostegunean jendea txaloka eta ukabila altxatuta ikusi nuen traktore zaratatsuek Gasteizko Hiribidea hartu zutenean. Harritu ninduen begikotasunak eta poztu, ez dut ukatuko, elkartasuna ez delako garai indibidualista hotz honetan ugaltzen den lorea. Pentsatzekoa da beste batzuk, agian autoetan zeudenak, marmarrean zebiltzala (ez naiz hain inozoa). Hedabideetan “kolapsatu” hitza erabili zuten batez ere, edo oztopatu.

Europar Batasunak Mercosurrekin sinatuko duen akordioa da protesten zioa. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den akordio horrekin, Europako Parlamentuak geldiarazi eta epaitegietara bidali badu ere, herrialde askok kosta ala kosta aurrera eraman nahi dutelako, Alemaniak batez ere. Interes ekonomikoak nagusituko dira (ezkorra naiz), eta laster supermerkatuetan hormonaz eta antibiotikoz betetako haragi ustez merkeagoa ikusiko dugu pobreenak elikatzeko. Gordinegia izango da hori beharbada, baina guztiok dakigu gaur egun zabor-jana askoz merkeagoa dela janari, esan dezadan, garbia baino. Europar Batasuneko burokrata bati entzun nion orain dela gutxi Europak ez duela behar dituen elikagaiak ekoizten, eta Mercosurrekoa ezinbestekoa dela. Barregarria edo negargarria da hori entzutea lur askotan nekazaritza abandonatzen denean panel fotovoltaikoak jartzeko; izan ere, Araban, Solaria enpresak 19 egitasmo ditu 120 hektareatan fotovoltaikoak jartzeko, behar dugun energia ere ez dugulako ekoizten. Azkenean energiarik gabe eta elikagairik gabe geratuko gara.

Haragirik jaten ez dutenek axolagabe begiratuko diete arazo hauei, baina ni ez nintzateke gehiegi fidatuko: Arabako lur horietan ez da laborerik izango, eta Mercosurretik iritsiko den soja auskalo nolakoa izango den. Gabonetan auzoko fruta-dendan gereziak ikusi nituen burua nahasita, gereziak maiatzarekin lotzen ditudalako; Txiletik zetozen, eta oso garestiak ziren (merkatuko al ditu Mercosurreko akordioak?) Eta, batez ere, behar al ditugu gereziak Gabonetan? Behiak zoratuta ibiliko dira, baina gure zoramena handiagoa da.