Ohi bezala, eta zorionez, lagun on baten eskutik, iritsi da nire eskutara “hik hasi”, oraingoa bere 304 zenbakia, aurtengo lehen alea hain zuzen. Beti bezala guztiz interesgarria hezkuntzan ibili garenontzat behintzat. Zazpi urte erretiratu nintzela, jubilatu alegia, baina nire zain eta arteriotan odolarekin batera hezkuntzaren gorabehera guztiak dabiltza eta dabilzkit igerian.

Aldizkariaren azalean hauxe irakur dezakegu “Hezitzailean non, haurra han”, kilikagarria guztiz eta benetan. Jon Sarasua aldizkariaren kontrazalean, honela dio: Hezkuntzan, iritzi publikatu gehiena publiko/pribatu binomio sistemiko ezin antzuagoa errepikatzetik ez da pasatzen, gaztetxe bat eta Iberdrola kategoria berean sartuz, adibidez. Jazte minimo baten falta haserretzekoa da.

Editorialak zalantzak uxatzen dizkigu, honela dio: hezkuntza eraldatzeko helburuz eta euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzea jomuga izanik gure konpromisoei tinko helduta egingo dugu aurretik dugun 365 eguneko ibilbidea; eta gaineratzen ditu argi eta argi asmoa: orin arte bezala, hezkuntza hobetzeko gakoak ematen saiatuko gara urte berrian eta heziketari eta hazierari buruzko hausnarketa bultzatzea izango dugu helburu, hezkuntza eragile gisa lanean jarraituko dugu, alegia; izan dadila bada, 2026a gure helburuetara gerturatzen gaituen urtea. Bide horretan zuen ondoan izango gaituzue, ilusioz, eta zuek ere gure alboan izatea espero dugu.

Eta ondoren arrapaladan Alizia Fernández Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslea lerro guztiz interesgarriak eskaintzen dizkigu, hala nola izenburua: Ez bagara gu, nor? Eta gero nik asko estimatzen ditudan gogoeta finak: denok dakigu utopia ezinezkoa dela, baina oso ñabardura garrantzitsu batekin: ezinezkoa da une horretan, haren planifikazio unean; ba al du norbaitek mundua salbatzeko planik?, plana zenbat eta zailagoa izan, orduan eta harroagoa egongo zara, eta ezinezkoa bada, are hobeto; porrotean ere loria izango duzulako.

Nire aldetik hitz bakarra: ados Alizia. Jarraituko.