Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Homofobia kasu bat, beste bat

Homofobia kasu bat, beste batPIXABAY

Ikasle batzuek Clasroom horietako batean kontu faltsu bat ireki zuten irakasle baten aurkako eraso homofoboak zabaltzeko: irudi sexualak, irainak, mehatxuak eta abar. Joan den astean Mallorcako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko batean gertatu da, itunpeko ikastetxe bateko ikasleek ere parte hartu omen dute erasoan. Klaustroa bildu da, nola ez, eta irakasleari elkartasun eta babesa eskaintzeaz gain, kalera irten zen argazkia ateratzera elkartasun eta babes horien sinbolo gisa, beltzez jantzita guztiak; argazkia egin bitartean, ikasle batzuen isekak entzun eta ikusi zituzten irakasleek. Klaustroak plazaratutako komunikatu ezin bikainagoan Hezkuntza arloko agintariei eskatu die beharrezko neurri argi, sendo eta eraginkorrak har ditzatela. Eskarmentua daukat hau bezalako arazoetan eta badakit, Mallorcako Hezkuntza Saileko arduradunak hemengoak bezalakoak baldin badira, neurriak ez direla ez argi, ez sendo eta ez eraginkorrak izango. Agian Mallorcako irakasleek horixe bera dakitelako, salaketa jarri dute polizian. Poliziak ere zer egingo duen ikusteko dago, noski. Egingo al du zerbait Adingabeen Fiskaltzak?

Plentziako irakasle horrekin gogoratu naiz Mallorcakoa irakurtzen ari nintzenean: urtero joaten zitzaizkion ikasleak etxe aurrera emakumea iraintzera Halloween gauean. Emakume izatea ez da kasualitatea, ez. Plentziako ikastetxean mota guztiko ekimenak zituzten, hitzaldiak eta abar, baina kontua urtero errepikatzen zen. Ziur naiz Mallorcako ikastetxe horretan lan ona egingo dutela elkarren arteko begirunea eta gizalegea, azken finean, bultzatzeko, baina badirudi ikastetxeetan egiten denak ez duela ezertarako balio, edo bai, balio du, baina beti dago hor talde txiki bat harriak baino gorrago. Txiki edo handi, beharbada gero eta handiagoa, zoritxarrez.

Matxismo, arrazismo edo homofobiaren kasuen aurrean Hezkuntzaz mintzatzen beti, batez ere ikastetxeetan gertatzen direnean, baina arazoa orokorragoa da, hezkuntza gizarte osoaren lana baita, ez bakarrik eskolena. Eta badirudi gizartea ez doala orain oso bide egokian.