Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Gaztelu bat Libanon

Gaztelu bat LibanonEuropa Press

Benjamin Netanyahuk adierazi zuen orain dela gutxi Gazako % 70aren kontrola hartuko duela (orain duen % 60a gutxi irudituko zaio). Hartu behar duen % 10 horretan jendea biziko da, baina hori gutxienekoa izango da harentzat, metatuko dira palestinarrak gelditzen zaien lurralde txikian okerrenaren esperoan. Libanon gurutzatuek eraikitako gaztelu bat ere du kontrolpean, eta Israelgo bandera paratu dute erortzear dagoen dorre batean (gaztelua ohituta egongo da, Israelek okupatu baitzuen aurrekoan, XX. mendearen bukaeran). Gazteluarenak orrialde eta minutuak bete ditu hedabideetan, ez dakit XII. mendekoa delakoa (asko hunkitzen gara gauza horiekin) edo Libanon oso sartuta dagoelako.

Nolanahi ere, leku zaharragoak edo historikoagoak okupatu ditu arazo handirik gabe, Tiro adibidez. Bertako biztanleei Israelgo armadako mezu bat iritsi zitzaien sakelakoetara, non jakinarazten baitzieten hiria bonbardatu egingo zutela, eta alde egiteko lehenbailehen. Pentsa ezazue, mesedez, zer izango den zuen sakelakoetan horrelako mezua atzerritik jasotzea: utzi etxea, hiria bonbardatuko dugu eta. Su-etena dago Gazan eta negoziazioak omen Libanon; eskerrak, bestela ez dakit zer gertatuko litzatekeen.

Libanon 3.400 lagun hil ditu Israelek operazioa (sic) hasi zenetik. Kopurua laster handituko da Netanyahuk esan berri baitu Israelgo iparraldean gerra dagoen bitartean, Libanoko hegoaldean gerra ere izango dutela, eta Beirut bonbardatuko dutela, Trumpek dioena dioela. Jenderik gabeko lurraldea izan daiteke laster Libanoko hegoaldea. Iranek eten egin ditu Estatu Batuekin zituen negoziazioak Libanon gertatutakoagatik, eta elkarri eraso egin diete azken egunetan.

Nazioarteko komunitatea deitzen dugun animalia mitologiko hori edo Nazio Batuen Erakundea deitzen dugun adarbakarra “deeply concerned”, oso kezkatuta, daude, eta Ertzaintza, ez dena ez animalia mitologikoa ezta adarbakarra ere, aireportuak trabarik gabe mantentzen saiatzen da, ez dezagun arazorik topatu gure udako oporraldiak (gaztelu pare bat ikusteko?) hastean. Bizitza aurrera doa (eta batzuen heriotza).