Urtero bezala, ekitaldiz mukuru dugu egutegia maiatz hasieraz geroztik, suerte guztietako ospakizunen karira; gero eta ugariagoak, gainera, sanferminetara hurbildu arau. Aitzinetik, auzoetako festak, asteburuz asteburu, apirilaren akaberatik honat: Sanduzelai, Txantrea, Bigarren Zabalgunea, Iturrama, orain Arrosadia; bortz egun barru, Arrotxapea; eta laster, Donibanekoak. Bitartean, bart, azken koska, eskaileraren ohitura berri puztuan.

Egunotan, gainera, mihi gaiztoen atsekaberako, tonbola jendez lepo, alimaleko ilarak kokaleku berrian, Baluarteko plaza itzalik gabean. Izan ere, den mendrenik ere ez da bete elezuriek gibel-asmoz aurtengo tonbolaz egindako iragarpen iluna. Sarasate, jakina, hankaz gora dago. Baina, obrak bukatutakoan ere, bertako zuhaitzek itzala ematen jarraituko dute gero eta bero zakarragoa ekarriko digun etorkizunean. Lehenago, herritarrek hautatuko dute nork botako duen txupinazoa. Iaz, argi zegoen nor aterako zen garaile herri bozketan. Aurten, ordea, ezin jakin indarkeria sexistaren aurkako emakumeen ekimena, Nafarroako euskal pilota federakuntza edo Txantreako Santiago abesbatza izanen ote den. Badira hautagai gehiago, baina, aipatutakoek omen dute aukerarik handiena, hiriko solastokietan erraten denez.

Bizkitartean, ederki horaildu dira hiri inguruko bazterrak eta sarri hasiko dira laborariak garagarra biltzen Iruñerriaren hegoaldeko alorretan. Uztailaren 6rako bidean, bertzalde, manifestazio jendetsua espero da Iruñean euskararen alde, ofizialtasuna aldarri, euskaltzaleak lozorrotik ateratzeko asmoz. Abenduan bertze bat izanen da, hori ere gure hiriburuan. Ez legoke gaizki euskararen erabilera aldarrikatzea, eskolak benetako euskal hiztunak sortzea eta egunero gure karriketan dabiltzan gazte saldo euskaldunak piztu eta behingoan euskaraz mintzatzen hastea.