Emakume honen izena Tillie Martinussen da. Gaur arte, agian, ezezaguna edota gehienez ez oso ezaguna, nire ustez behintzat adiskide eta irakurle estimatua. Groenlandiarra da bera eta “Lankidetza Alderdiko” kidea, zeinak berak sortzen lagundu zuen. Benetan gogoangarria den hitzaldia eman zuen aurtengo urtarrilean bertan, Donald Trumpi eta bere Amerikaren ikuspegi distopikoari emandako erantzunik onena izan daitekeena.
Horretan nago nire ustez. Erresistentzia kultural eta duintasun ekintza, politikoa baino gehiago, lurralde guztietan, han eta hemen, gaur eta bihar, Donald Trumpen izan daitezkeen jarraitzaile eta animatzaile berri guztiek irakurri eta ahal den neurrian buruz ikasi eta barneratuk beharko luketena.
Hona hemen bere hitzaldiaren lehen zatia: “Uste dut Trumpek ez dituela Groenlandiar Herria eta bera osatzen duten herritarrak batere ezagutzen. Ez diogu balio berezirik ematen diruari, Kardashianen ezpainak, eta horrelako gauzak. Groenlandian, besteak beste, ezin duzu lurraren jabe izan ere: lursail bat lor dezakezu zure etxea eraikitzeko eta lurraren jabe izan, baina ez lurrarena bera. Groenlandiarrek ez baitute sinesten lurra pertsona bakar batena denik: guztiona da.
Eta gauza bera gertatzen da itsasoarekin eta bertan dauden aberastasunekin. Horregatik, kalkulu oker handia da groenlandiarrak diruarekin eros daitezkeela pentsatzea. Ezin dute. Eta esango baligute ere, ‘100.000 dolar pertsonako’, ez genioke inoiz doako osasun-laguntzari uko egingo, ez genioke inoiz doako hezkuntzari uko egingo, ez genioke inoiz Europako parte izateari uko egingo, ez genioke inoiz gure subiranotasunari uko egingo, lehenago edo beranduago gure helburua baita.
Ez dugu aberatsak izan nahi amerikarrak bezala. Begira zeinen gutiziatsuak diren: lagunei tiro egin diete edo lagunak inbaditu dituzte gutizia hutsez. Badakigu lur azpian mineralak eta petrolioa egon daitezkeela, eta edozein zifra baino askoz gehiago balio dutela. Baina ez baleude ere, ez genuke erosiko. Jarraituko du, bai".