Azken asteetan badihardugu euskalduntasunaren amaiera lortu nahi duen sasieuskaldun aldra baten erasoa ikusten. Denetik entzun dugu, joko-arauak bete nahi izan ez dituztenek plazaratu eta betiko hedabideek hanpatuta. Asteon, ostera, euskaldunei entzun diegu; egungo eta bihar-etziko euskaldunek berba egin dute. 18 urte inguruko gazte euskaldunek egundoko irakaspena eman digute. Euskaldunok deialdi berean hartu dute parte eta deialdi horretan suertatu zaizkien azterketetan hartu dute esku.

Aurretik hamaika “buruargik” egin dute berba, baina inork ez du gazte euskaldunek biribildu dutena euren barruan sartu ere egin. Barka biezat nik hartu dudan esaldiaren egileak haren izena txarto badarabilt: Markel da Lea-Artibaiko itsasertzeko mutil hau, beste hamaika euskaldunek esandakoa honetara biribildu duena: “Urteten jake urteten jakena: 0,0”. Ezin hobeto esanda. Aurreko astean esan nuen legez, euskalduntasuna euskara da, bai eta euskalduntasunaren enparauko ezaugarrien bilduma ere, oraingoan zenbaitek erabat alferrik galdu dutena.

Eta gazte batek pellokeriaren egiaren aurrean jarri gaitu. Joko-arauak guztientzat ziren berak: jatorriz gaztelaniaduna izan zein euskalduna izan. Orduan, Trumpek, Putinek, Netanyahuk eta enparauko lotsabakoek behin eta berriz egiten dutena egin dute. Areago, ikasi ez duten horiei kasu egin diete derrigor jakin beharraren nota hori aintzat ez hartzeko. Eta orduan niri itaun erraz hau datorkit burura: Oraingo erabakiak balioko ote du beste ikasgai guztientzat hemendik aurrera?

Inork eztabaidatu zuen 2025eko irailean indarrean jarriko zen arautegia? Inork eroan ote du auzitegira nota horiek jarri zituen aztertzailea? Inor konturatu ote da gure hezkuntza-sistema pikutara bidali dutela zero atera duten ikasle txar horiei kasu egin dietenek? (Nire sasoian zero ateratzen zuena ikasle txarra zen). Geroenean, Markel, eskerrik asko heure iritziagatik, Markelen ildotik entzun zaituztedan euskaldun gazteok, eskerrik asko!