Síguenos en redes sociales:

KatamotzakPexels.

Pisaren azken azterketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa omen da, testu ulermenari dagokionean, estatu espainiarreko komunitateen artean ikasle onen portzentaje baxuena atera duena. Ceuta eta Melilla hirietako ikasleen aurretik bakarrik, itxuraz.

Ez dakit, gaur egun, azterketa nola egiten duten. Gu gaztetxoak ginenean, tutoreak egiten zigun. Testu bat ematen zigun, guztioi berdina, eta kronometroa eskuan, ahots goran irakurtzeko eskatzen zigun. Testutxoa zenbat denboran irakurtzea lortu genuen esaten zigun amaitzean. Eta gogoratzen dut, irakurriaren irakurriaz, testuaren lehenbiziko lerroak buruz ikastea lortzen genuen arren, alde handia egoten zela ikasle batetik bestera. Emaitzen arabera, lau taldetan banatzen gintuen: katamotzak, untxiak, ahateak eta dortokak.

Esan gabe doa, irakurgaia gaztelaniaz izaten zela.

Gogoratzen dut, ariketa hura, oso alferrikoa iruditzen zitzaidala. Katamotzak zirenak, hegan irakurri arren, ez zirelako irakurtzen zutenaz jabetzen. Tutoreak esaten zigun ez zela ulermen kontua, irakurtzeko genuen gaitasuna baizik. Irakurtzeko erraztasunak dakarrela irakurtzeko gogoa. Beti iruditu izan zitzaidan zalantzagarria erantzuna. Irakurtzearen plazerra ez baitago ordu betean irakur dezakezun testu kopuruan, zureganatzen duzun edukian eta edukia zureganatzeko formaz gozatzean baizik.

Ez dakit, gaur ere, irakurketa froga gaztelaniaz egiten den edota euskaraz egin daitekeen. Suposatzen dut kontuan hartuko dela bi alfabeto ezberdinetan irakurtzen duten ikasleen bizkortasun maila ezin dela berbera izan hizkuntza bakar bat menperatzen dutenekin konparatuta.

Nolanahi delarik ere, nik beste ariketa hau egitea proposatuko nieke ikasleei: aukera dezatela, etxean edo liburutegian, gustukoa duten testu bat. Ekar dezatela ikasgelara eta testua zergatik hautatu duten azaldu ostean, ahots goran irakur dezatela. Testuek eta irakurketek beste zentzu bat hartuko luketelakoan nago.

Eta kasu horretan, uste dut, zentzu gabea litzatekeela Autonomia Erkidego ezberdinetako ikasleen arteko ranking-a egitea.