Euskaldun guraso talde bat gara, eta harro euskaldun izateaz. Eta maite dugun hori zaintzeaz harro; Euskara eta seme-alabak. Hauek harro ere euskaraz eskolan, etxean, lagunartean aritzeaz... Baina zer gertatzen da eskolaz-kanpoko ekintzekin?

Abuztuaren erdia behin pasa zaigunean, ikasturte berriari begira jarri gara dagoeneko guraso asko, eta gure haurren eskolaz kanpokoak aukeratzen. Baina urtero bezala, gainditu beharreko paretatzar batekin topo egin dugu. Ikerlari eta miaketa lanak egitea egokitu zaigu gure umeak euskarazko eskaintza izan dezaten. Batera eta bestera deitu, han eta hemen galdetu eta gure umeek musika, marrazketa, zirkua, karate, eskalada, antzerkia, igeriketa, yoga…, euskaraz egiteko oztopoak besterik ez: batzutan eskeintzarik ez dagoela, besteetan irakaslea euskalduna bai baina ezin dela taldea euskalduna izanen den ziurtatu, ume erdaldunek ere izena-emateko eskubidea, lehentasuna umeen adin eta jakintza mailari ematen zaiola taldekatzeak egiterakoan etab. Beraz, bigarren maila batean geratzen da euskara eta ume euskaldunak, Nafarroako hiriburuan eta inguruko auzo zein herri ugaritan.

Hauek guztiak eskaintza pribatuko zein publikoko zentroetan topatu ditugu. Talde euskaldunen falta botatzen dugu Kirol Federazioetan, administrazioak kudeaturiko Musika eskoletan zein Kirol instalazioetan, entitate pribatuen eskaintzetan... Zergatia zein ote? Utzikeria, edota adore falta, edo erlajazioa edo.... Bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea akaso? Edota euskara sobera gutxi maitatzea eta euskaldun izateaz harro ez egotea?

Euskaldunak gara eta euskaraz bizi nahi dugu etxean, kalean, eskolan baita kirola egiten dugunean ere, musika ikasten dugunean eta igerilekuan plista-plasta gabiltzanean, paretan gora kaskoa jarrita goazenean edota balleta dantzatzen dugunean ere. Aukeratzen dugun jarduera dena delakoa izanik ere, euskaraz egin nahi dugu: igeriketa estilo guztien izenak euskaraz jakin nahi ditugulako, gure entrenatzaileek euskaraz animatzea nahi dugulako, musika talde euskaldunak nahi ditugulako, euskaraz erlaxatu nahi dugulako…

Gu, euskaldunak garelako, harro gaudelako eta toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun! Euskaraz bizi eta funtzionatu nahi dugulako! Euskara bizigarri delako eta bizimodua euskaraz egitea bermatu beharreko eskubide bat delako... ahaldundu gaitezen euskaratik eta euskaraz, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzuen guzti horiek, euskara eskeini dezazuen eskatzen dizuegu. Gure txikiak euskaldun oso izan daitezen, zuek ere euskaldun izan zaitezten; toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun oso!

Ainara Oiz Elgorriaga, Aitor Hernaiz Ormaetxea, Aitziber García Huarte, Aloña Huerta Alducin, Ángela Campo Lumbreras, Bakartxo Blanco Gaskue, Erkuden Barandiaran Goñi, Garikoitz Torregrosa Armendariz, Goizargi Santxo Gaskue, Jaione Lamariano Ausejo, Jaione Urtasun Izal, Jon Subijana Ayestaran, Nestor Esteban Scaloni, Ventura Ruiz Eta Xatur Ezpeleta Otamendi Enbor Beretik Guraso Euskaldunon taldearen izenean