Berriki arte, ezker abertzaleak izan du euskararen aldeko mugimenduaren gidaritza Nafarroan. Nabari izan zaio, 30 urtez erakutsitako indar eta kemenean. Orobat nabari, haren espektatiba handiegietan eta gizartearengandiko urruntasunean. Nafar euskalgintza txinaurri gisa ari izan da herri, auzo eta karriketan. Ez ditu, ordea, interpretatzen jakin handik etortzen zitzaizkion mezuak. Alimaleko ezintasuna izan du, orokorrean, bere ametsak eguneroko errealitatearekin erkatu eta ondorioak ateratzeko tenorean. Mesfidati begiratu izan die bidea pixkana-pixkana urratzeko saioei. Anitz nahi zuen, eta dena batera. Ez dio beldurrik izan trenak galtzeari, bagoi oparoagoak pasatuko zirelako seguran-tza harrigarrian. Ez da sobera nekatu bere mundutik haratagokoak erakartzen; gizartearen atxikimendua lortzea ez, militanteak mobilizatzea zen kontua. 2000n, euskaltzaleok gure hizkuntzarendako lege berri baten aldeko kanpaina erraldoian sarturik geunden UPNren kontrarreformak harrapatu gintuenean. Geroztik, kazkabarra ari du hemen, eta atertzeko itxurarik ez. Hondora bidean are hondorago egiten ahal dela erakusten digu, egunero, egunkaria irekitzeak. Gure amesgaiztorik gaiztoenetan amestuko ez genuena bizitzen ari gara: duela zazpi urte errotik aldarazi nahi genuen egoera paradisuaren pareko litzateke egun; zer esanik ez urte guti batzuk lehenago mespretxuz errefusatu genuena. Alabaina, hemen isiltasuna da nagusi, eta mugimendua, hutsaren hurrengoa. Boxeolari sonatuaren plantan utzi gaitu errealitateak eman digun muturrekoak. 2007an Nafarroa Bai gobernuan sartu eta horrekin egoerari buelta emateko aukera ukitzear egon ginen. Orduko porrotak areagotu du etsipena. Areago nork mugiarazirik ez dugula ohartzeak. Garai bateko gidaritza urtu egin da, gorputz ideologikoa ematen zion indar politikoa katakunbetara sartzearekin. Gaitz erdia litzateke, utzitako hutsunea bertze norbaitek bete balu. Ez da hala. Alde guztietatik etortzen zaizkigu kolpeak, eta deus ez dago kontra egiteko. Nafarroa Bai horretarako gauza ez bada, zertarako nahi dugu Nafarroa Bai?