Pirinioetako Idazleen Topaketan izan gara joan den asteburuan, Esterri d'Aneun. Tratu gozoa, antolaketa bikaina. Literatura solas, eta literaturatik abiatuta, zernahi, ohi denez. Ingurumena eta antropologia. Historia eta hizkuntzalaritza. Politika eta sozio-linguistika. Usadioan bezala, katalanen baikortasun epelak behartsu sentiarazi gaitu, eta aberats, berriz, okzitaniar eta aragoarren ezkortasun hormatuak. Igande arratsaldeko itzulerak baietsi zizkigun asteburuko hil lantuak.
Hiru lurralde gaskoi Arièja (Ariège), Bigorra eta Biarno zeharkatu genituen, hitz bakarrik ere irakurri gabe bertako hizkun-tzan. "Euskal Herria" txartelik ez zen Uhai-tzandiren gaineko zubian. Bagenekien, hala ere, etxean ginela. Leitu berria genuen: "Osserain/Ozaraine". Ez da ikaragarriko balentria, baina halakorik ez duzue ikusiko Okzitania osoan. Kilometro batzuk haratago, bertze zerbaitek erakarri zituen gure begiak. "Aupa bluiak!", pankarta batek orro, Donapaleu ondoko biribilgunean. Orduko, "bluiak" Frantziako futbol selekzioko jokalariak etxean zeuden jada, Hegoafrikako mundialetik lotsagarri kanporatuak. Menturaz, mihisearen paratzaileek ez zuten denborarik izan hura kentzeko. Hegoaldean ez bezala, ez duzu bi urte lehenagoko greba deialdia iragartzen duen pankartarik ikusiko Iparraldeko bidegurutze batean. Edo denbora izanik ere, harro plantak eginez gozatu nahiko zuten futbolzale amikuztarrek porrotaren bihotzerrea: "Aupa bluiak! (galduagatik ere)".
Derrotatuaren duintasuna erraten diote horri gurean. Guri hizkuntza hautua egin zitzaigun deigarri. Isilpeko mezu luzea izaki, lerro laburrean: "(Euskaldunak bagara ere Frantziako selekzioaren alde gaude. Beraz) Aupa bluiak!". Poztu nintzen Frantzia etxera igorri zutelarik.
Poztuko naiz gaur Portugalek nork eta Portugalek! "la roja" gorriarazi eta azpian hartzen badu. Gustatu zitzaidan, nolanahi ere, Donapaleuko pankarta. Beharbada egia da. Ez gaude hain gaizki.