1.Euskararen aldeko makro festen garaiaren gainbehera iragartzen hasiak zirenek huts egin zuten igandean Atarrabian. Izan dira noski Nafarroa Oinez jendetsuagoak, baina urteak beharko dira Iruñea inguruan halako gizon eta emakume metaketarik berriz ere ezagutzeko, Sanferminez aparte.

2. Bertzetan ez bezala, Paz Ziganda ikastolako aita-amek bazuten inguruko udalen konplizitatea, baina horrek ez ditu gainerako lanez arindu. Ederki bota dute izerdia lehengo urtetik hona.

3. Kontra-sua latzagoa gertatu da aurten, eta ez bakarrik eskuin nabarristaren aldetik.

4. Eskuliburuko exkertiarkeria ez da erabat iraungi gure artean; batzuei neke zaie kaskoratzea ez daudela elkarrekin kontraesanean euskara eskola publikoan hedatzeko eginahala eta sare itundu euskalduna indartu nahia.

5. "Tuteran bai, Iruñerrian ez" diotenak ez dira oraino jabetu Oinez bezalako ospakizun baten estrategikotasunaz. Nafarroan, euskararen aldeko bataila irudiaren bataila ere bai hiriburuan eta hiriburuaren inguruan jokatzen ari da gehienbat.

6. Etorkin hegoamerikarrak ikusi ditugu lehen aldiz zirkuituan, baso bete kalimotxoa eskutan zutela. Beharbada etorkizunik badugu eta ez gara oraino ohartu.

7. Igandeko arrakastak batzuei piztu dien sumina ikusteko adibide franko ziren atzo Diario de Navarra egunkariaren bertsio digitalean.

8. Eskoziarrek jarri zuten giroak zer pentsatua eman behar luke hurrengo ekitaldietarako. Kanpotarrek balio erantsia ematen diote festari, bereziki hain martxosoak badira.

9. Ekitaldi ofizialean, PSNko ordezkarien densenbarkoak Nafarroa Baikoena berdindu zuen ia-ia, nahiz eta batek baino gehiagok Iruñeko alkatetzarako hautagai Moscosok bisigua larre erdian bezain galdua ematen zuen giro horretan. Hauteskundeak hurbiltzen ari direlarik, euskaltzaleak jende interesgarria bilakatu gara bat-batean. Zeren truke egonen ginateke gure botoak salgai jartzeko prest?