Gosetuen jana, aseen baraua. Lanpetuen aisia, langabeen lana. Ehuneko ehuneko erretiro ordaindu gabea emakumeak (eta/edo gizonak) maite ez dituzten gizonentzat. Opor mugagabeak Organization-eko kideentzat, bizkartzainentzat, kartzelarientzat, torturatzaileentzat. Greba orokorra ozpintze orokorrari. Eztitze jenerala (niregatik hasita). Denbora gehiago, hagitzez ere gehiago, lagunekin, seme-alabekin, senideekin, aita-amekin galtzeko. Oren anitz gauaren noragabean, maitearen ondoan. Makina bat eztarriko min, irri ozenek edo solasaldi luzeek eraginak badira.
Bestondo goxoak, buruko minagatik ere. Ehunka liburu, berrehunka antzerki, hirurehunka filma. Oroimena, ahanzkorrendako; ahanztura, oroimenak minduendako. Milaka murgilaldi, hurbileko itsasoetan eta urruneko aintziretan (eta alderantziz). Irribarrean trebatzeko eta are punta-puntako emaitzak erdiesteko gimnasioak. Begi zoliagoak, gidari, gure baitatik kanpora ikusten ikas dezagun. Belarri zorrotzagoak, gure mugetatik kanpo dagoen ororen berri jaso beharrez.
Ibilaldi luze ugari orbelaren eta elurraren gainean. Munduari neurria har-tzen ikasteko ikastaro praktiko eta bertatik bertarakoak. Elkarri begiratzen, elkar adi-tzen, elkar ukitzen ardazturiko programa politiko guztiz zehatzak. Musika gehiago, zalaparta gutiago. Baikortasun pixka bat, baina ez sobera. Argi izpiren bat, zeru ilunean. Garaipen bat garaipen bat behingoz, gureena ez bada ere, haiena ez izatekotan.