katalan frankori bihotzak independentziarekin amets eginarazten zien, baina patrikak Espainian gelditzea aholka-tzen. Berriz, bertze katalan anitzek Espainian zuten bihotza, eta patrikak ekarri ditu independentziaren ametsera. Euskal abertzaleen artean itsuskeria da oraino patrika lehenestea. Katalanek Espainiatik alde egin nahi dute, ez beren hizkuntza eta kultura dituztelako, ezta duela ez dakit zenbat mende derrotatu eta umiliatu zituztelako. Edo ez bereziki horregatik. Katalanek Espainiatik alde egin nahi dute, batik bat, Espainiak funtzionatzen ez duelako eta egungo estatuaren proiektu komuna atzera botatzeko modukoa delako. Honelako egoera larrian nola itsasontzitik lekutu? -zioen lehengoan Juan Karlos Borboikoak-. Hain zuzen ere, egoera hain larria delako nahi dute katalanek ospa egin. Afera gisa hartara planteatuta, gurean kalera inoiz jalgiko ez den jendea karrikaratu da han independentziaren alde. Hain zalaparta handia atera dute, epelenak ere ari baitira berotzen. Madrilen, berriz, espantuka eta mehatxuka abiatu dira erdeinuka zebiltzanak. Sezesioak ekarriko lukeen hondamen, ezbehar eta deskalabruaz beterik dator egun hauetan Espainiako prentsa. Katalanak ez dira hargatik izutu. Ikusteko dago noraino tinkatuko duten soka. Garaia dute alde. Estatua ahulen dagoen momentua. Ekonomia Ministerioa alemanez mintzo den jende traje-ilunez beterik dagoenean nork hartuko du Rambletara tankeak bidaltzeko erabakia? Hemen, hala gertatzen den egunean borroka armatuaren herentziaren kapitulu zahar batean katramilatuta segituko dugu oraino. Nolanahi ere, Katalunian dena ez da eder izanen. Independentziak prezio bat izanen du, Espainiako kanpo zorraren zati proportzionalaz aparte. Paisos Catalans izeneko ametsari agur erran beharko diote katalanek. Ongi ala gaizki, espainiar itsasontzi kalamastran segituko dute Valentziak eta Balear Uharteek. Nafarroak ere bai, mendebaldeko gure anai-arrebak doazkigun egunean.