gaztelaniaz "más se perdió en Cuba" erraten du norbaitek ezbeharren baten ondoan kontsolamendu eske dabilelarik. Euskaldunok inoiz ez gara gure desastre nazional omen direnen memoriaz baliatu halako ataka batean. Soldata %10 murriztu baina lanpostua oraindik atxikitzen duen hemengo langileari inork ez dio aditu, gaitz erdi, latzagoa izan zen Noaingoa. Ezta kirol esatariari, halako futbol taldek bere atearen defentsa amaiurtarra egin zuela lehengo igandeko partiduan. Errazagoa, itxuraz, Soria ondoko Numancia hartzea ahotan. Konkistaren mina hain da berria, hizkuntzan ispilatzeko astirik -edo konbentzimendurik- ez baitu izan oraino. 2012rako, alimaleko kontzientzia hartze kolektiboa amestu zuten batzuek, 500. urteurrenaren karietara. Ez zen urte zuhurra izan ospakizun eta oroigarritan. Irudipena dut emaitzak, ez zirela ahaleginen heinekoak izan. Egun nafarrak duela bi urte baino urrunago baldin badaude Espainiarekiko komunio saindutik, nago gehiago zor zaiola krisi ekonomiko eta politikoari, erresumaren galeraren memoriari baino. Nafarroako gaur egungo erregimenaren mito fundazionala -berdinez berdineko ituna- biluztu zuen konkistaren revivalak. Enteratu nahi izan duenak gaurgero badaki hastapenean ez zela amodio istorio bat izan, bortxaketa bat baizik. Nafar aunitz, ordea, sinetsiak daude behialako bortxatzailearen eta orduko bortxatuaren artean amodioa noizbait piztu eta hura itzali gabe dagoela. Sineste hori desegiteko arrazoi ukigarriagoak beharko dira Albretar guztien errautsak baino. Aste honetan, Noaingo batailaren urteurrena dugu berriz. Lehenbizikoa, miraritsu izan behar zuen 2012aren ondotik. Aurten ere ez da faltako gudalekurainoko erromesaldia. Berritasun handiagokoa da astegunetarako prestaturik dagoen mintzaldi sorta. Politikaren pisua murriztu da, eta handitu, berriz, literaturarena eta hizkuntzarena. Hau urrats kualitatibo bat da. Norbait serio hartzen ari da gure historiaren kontu hori.